GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Jon Anzaren inguruko «asmakeriak» jendarmeak eta hedabide frantsesak mobilizatu zituen

Hilabete eta erdi darama Jon Anza errefuxiatu politiko donostiarrak desagertuta. Edozein pertsona desagertzea kezkagarria da, baina Jon Anza desagertu deneko testuinguruak garrantzi politiko ukaezina gehitzen dio kasuari. Hala ulertu dute errefuxiatuaren sendiak, errepresioaren kontrako mugimenduak eta ezker abertzaleak oro har. Ez, ordea, Barne ministro espainiarrak. Haren ustez, desagerpenaren inguruko edozein susmo asmakeria hutsa baino ez da. Baina asmakeria horrek herenegun Mauleko Jendarmeria mobilizarazi zuen Itsasu eta Bidarrai artean, Errobi ibaian gorpu bat agertu zenean. Baionako fiskal Anne Kayanakis -kasua ikertzeko ardura duena- ere bertaratu zen, eta arreta bera agertu zuten Estatu frantziarreko hedabideek, frantziar Poliziak ibaitik atera zuen gorpua euskal errefuxiatuarena izan zitekeela esanda. Gorpua ez zen Jon Anzarena; hala ere, badirudi ministro espainolak «asmakeria» iritzi dionak baduela berak nahi lukeen baino sinesgarritasun handiagoa. Deigarria da, nolanahi ere, horrelako kasu bat politikarien agendetan ez egotea. Deigarria Estatu espainoleko hedabideek duen garrantziari ezikusiarena egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo