GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Europako legebiltzarrerako hauteskundeak

«Euskal Herriaren ezagutza Europan bultzatzeko, boza inportantea da oso»

p006_f01_97x156.jpg

Ixabel Etxeberria
EHA-ren zerrendaburua

Arantxa MANTEROLA |

Kanpaina amaitzear delarik, EHAko zerrendaburuak bozaren garrantzia nabarmendu du.

Nola igaro da kanpaina?

Alde batetik, jendea aski nazkatuta aurkitu dugu, zerbait bozkatzen duelarik kasurik egiten ez zaiolako. Horren erakusle da Estatu frantsesean Itun Konstituzionalari ezezkoa eman zaionean, gero atzeko atetik Lisboakoa -haren fotokopia dena- sartu nahi izana. Gero, EHA bezala, uste dut gure kanpaina biziki ona izan dela. Karrikan, azoketan, etxez-etxe ibili gara. Herrietan izan ditugun bilkura-debateetan, jendeak parte hartu du eta mitin nagusia jendetsua izan da. Lan asko egin da lurralde guztietan eta EHAren presentzia nabarmena izan da. Militante abertzaleek motibazioa handia erakutsi dute eta bere gain hartu dituzte kanpainako lanak. Hori funtsezkoa da hats berri bat emateko ezkerreko abertzaletasunari.

EHAk «polemikarik gabeko» kanpaina egin duela adierazi duzu. Zer erran nahi duzu?

Guk oso argi daukagu nor den gure arerioa. Urtean zehar ikusten dugu nork mugitzen dituen nagusiki politikaren hariak: Sarkozyk eta hemen bere adarrak direnak, Lamassourek esaterako. Hemengo eurodiputatua da eta Euskal Herriak dituen arazo nagusien aurrean, euskararen aitortza ofizialaren edota langileen egoeraren aitzinean, zer nolako jarrera izan duen ikusi dugu: krisia konpontzeko bankuei dirutzak eman inolako kontrolik gabe, automobilgintzako enpresak mesedetu eta lanpostu galerari aurre egiteko neurri egokirik ez. Euskara eta gainerako hizkuntza gutxituentzat, aterabide eraginkorrik ez.

Zer espero dezake, eman dezagun Urruñako herritar batek, bere eguneroko bizimoduan Europatik?

Aitortu behar da hainbat alorretan Europak neurri onak hartu dituela, esaterako uraren saneamenduari dagokiolarik. Aplikazioa berantago egin bada ere, lan horiek martxan dira une honetan Urruñan. Gertatzen dena da gehienetan han hartutako erabakiak gauzatzeko orduan Estatuek dutela manatzen eta Europak ahalmenik ez duela haiek zigortzeko zuzentarauak betetzen ez baditu. Frantziak, adibidez, Hizkuntzen Karta ez du betetzen, presondegien egoeragatik anitzetan izan da kondenatua... baina, hala ere, ez da deus gertatzen. Europa eta herritarren tartean Estatua dago eta horregatik herritarrei urrun geratzen zaie Europar Batasuna.

Bada Europatik jasotzen diren diru-laguntzei esker krisiaren atakatik irtetea espero duenik...

Arazoa ez da soilik diru-laguntzak jasotzea. Ikusi dugu Donibane Lohizune-Ziburuko portua bultzatzeko eman dituela, baina, aldiz, arrantza beti beherantz doa. Kontua da zertarako ematen den diru hori. Hemen, baina baita ere Bretainian esaterako, ikusi dugu zer ekarri duen: arrantza industriala bultzatu da, eta, ondorioz, Hendaiako portua hil, eta gero eta ontzi gutxiago dago. Arrantza desagertze bi- dean da. Tokiko egoera eta ekonomia aztertu, bertako egituren eta eragileen eskaerak entzun, eta premien araberako proiektuetarako banatu beharko lirateke diru-laguntzak.

Krisi finantzario eta ekonomikoak krisi soziala ekarri du. Nola egin aurre?

Mobilizazio eta elkarlana baizik ez ditut ikusten aurre egiteko. Sindikatuek daramaten unekako erantzuna ez da aski. Ez da erantzun planifikaturik ez Europan, ez Frantzian, ezta hemen ere. Lorpen sozialak murrizten dizkiguten bitartean, pasibotasuna eta beldurra sumatzen da jendearengan. Hemen bertan sindikatu guztiak elkartu, mobilizatu eta borroka ideologikoa bultzatu beharko litzateke.

Asko aipatzen da baita ere Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbidea emateko EB lagungarri izan daitekeela. Azken legealdiko esperientzia lekuko hartuta, nola izan eragingarri Euskal Herritik izango den ordezkaritzarekin?

Argi da negoziaketa politikoaren bidea jarraitu behar dela. Prozesuaren aldeko bozketa hura oso inportantea izan zen; lorpen bat izan zen, gatazka ofizialki aitortua izan baitzen Europan, nahiz eta tokiko parlamentariak, Lamassourek, kontra bozkatu zuen. Bide horretatik segitu behar da, baina, horretarako, lehenik hemen egin behar dugu indarra, debatea sustatuz, gurea defendituz, belaunaldi berriekin, gazteekin, arazo honen muinaz eztabaidatuz, inguruko politikariekin elkarlana sustatuz. Eta, nola ez, bereziki abertzaleen artean elkarlana bilatu behar da, eta negoziaketa bultzatzeko helburu eta eskakizunak autodeterminazioaren inguruan bateratu.

Abstentzioaren mamua nolabait uxatzeko, bizpahiru arrazoi emango al dituzu?

Jakin badakigu Europako Parlamentuan tokirik ez dugula izango. Ez dugu amesten ahal ere diputatu bat lortzea. Baina, hala ere, abertzale guztiak bozkatzera joatea inportantea da. Bozak ere borroka eremua dira eta guztiek balio dute. Euskal Herriaren aldeko apustua egin behar dugu, autodeterminazioaren aldeko bidea hartu. Era berean, zor zaiguna, dagokiguna, hau da hamabi eurodiputatu, aldarrikatu behar ditugu Euskal Herriarentzat, ordezkaritza propioa izan dezagun eta Europa barnean gure herriaren ezagutza ahalbidetzeko. Bozak ere baliotsuak dira horretarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo