GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Oroimen kolektiboa europan

Helduengandik ikasiz, bere historia berpiztu du Anoetak

Belaunaldien arteko transmisioa eten eta etorkizuneko gazteak sustrairik gabe errotu ez daitezen, Aranzadi eta Anoetako Herri Ikastola elkarlanean aritu dira oroimen kolektiboa berreskuratuz. Anoetak bere historia berpiztu zuen atzo, herriko gazteen ikusmiratik eta iragana eta geroa arteaz lotuz.

p021_f02_321x123.jpg

Oihana LLORENTE

Anoetako ikasleek poliki-poliki galtzen ari diren historiaren testigu zuzenekin eman dute ikasturtea. Euren aiton-amonak, gudara joandako bizilagunak ala frankismoan espetxean egondako pertsonak gertutik ezagutu dituzte hilabete hauetan historialari lanetan ibilitako gazteek.

Ikasleak jakintzak «xurgatzen» dituztela esan eta iraganeko pasarteak gazteengan «benetako harridura» eragin dutela nabarmendu zuen Anoetako ikastolako zuzendari Daniel Maizak, gaueko ekitaldiaren aurretik Aranzadin eskainitako agerraldian. Pozarren agertu zen 25 ikaslerekin aurrera eramandako egitasmo pilotu honekin, eta urte osoan zehar gidoiak prestatzen, pertsonak elkarrizketatzen edota materialak ekoizten «izugarri» ikasi dutela eman zuen aditzera.

Iluntzean, anoetar guztiak izan ziren euren historiaren testigu, ikasleek egindako lana plazaratu baitzuten Abraham Olano polikiroldegian, historia eta arte sorkuntza uztartuz.

Herrian aldaketa sozial nabarmenak eragin dituzten garaiak aztertu zituzten bereziki: XIX. mende amaierako Anoeta nekazari eta tradizionala; 1936ko guda; 40ko hamarkadan ekonomia nekazaritik industrialerako bilakaera eta 70eko hamarkadan Anoetan gertatutako gizarte eragileen eztanda izan ziren gogora ekarritako pasarteak.

Garai bakoitza eredu artistiko jakin bat erabiliz irudikatu zuten. Horrenbestez, besteak beste, film labur bat, bakarrizketa bat edo bertso-antzerki bat ikusteko beta izan zuten bertaratutako anoetarrek. Geroa ere aztergai izan zuten historialari gazteek, eta etorkizuneko Anoeta dantzaren erritmoan imajinatu eta irudikatu zuten.

Anoetako ekimena, ordea, ez da burutazio soil bat, «Europar Memoriak Konpartituz» goiburua duen programaren baitan dago kokatua eta Anoetan bezala, Norvegian, Italian, Ingalaterran, Polonian eta Aragoin ere buru-belarri dabiltza lanean. «Bakoitza bere herriko memoriatik abiatuz, Europako memoriaren berrosatzean ekarpena egitea» da programaren funtsa, Aranzadiko kide den Mikel Errazkinek azaldu bezala.

Atzokoan, gainera, herrialdeen arteko koordinazio bilera izan zuten Euskal Herrian. Horrenbestez, gure mugetatik kanpo gauzatzen ari diren lanak gertutik ezagutzeko aukera izan zen beste herrialdeetako ordezkarien azalpenen bidez.

Ingalaterran egitasmoa bi eskoletan lantzen ari dira. Horietako bat, gainera, guda garaian gerra erietxea izan zen, eta, hori baliatuta, bertan artatu zituzten soldaduekin eta erizain gisa aritu zirenekin egin dute lan. Orain ikasitako guztia antzerki bidez erakutsiko dute ikasleak.

Egun Ingalaterran etorkinekin arazo larriak dituztela ere azaldu zuen Emma King ordezkari ingelesak. Hori dela eta, gazteek beraien herrialdeak atzean utzi dituzten etorkinak hobeto ezagut ditzaten, guda garaian Ingalaterra utzi behar izan zuten errefuxiatuengana jo dutela azaldu zuen. Kingek nabarmendu zuenez, errealitate hura ezagutarazita, egungo etorkinekiko «hurbiltasuna» sustatu nahi dute.

Norvegian, Gestaporen egoitza nagusia izan zen eraikina bakearen museo bilakatu dute. Polonian, aldiz, umeak ghetto juduetan nola bizi ziren ezagutu nahian dabiltza. Proiektuaren baitan burutzen ari diren egitasmo denak datorren ikasturtean bilduko dituzte Italian egingo duten ekitaldi batean. Anoeta, ordea, aitzindaria izan da jada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo