GARA > Idatzia > > Ekonomia

LAB indartsu sartu da UPNAko irakasleen eta kontratupeko ikerlarien enpresa batzordean

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, irakasleen eta kontratupeko ikerlarien artean hauteskunde sindikalak burutu zituzten ostegunean. Lehen aldiz aurkeztu zen LAB eta hiru ordezkari lortu eta sindikatu bozkatuena izan zen. Elkartea hautagaitzak lortu zituen ordezkari gehien.

p034_f01_097x088.jpg

GARA |

LAB pozik azaldu da ostegunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan, UPNAn, irakasleen eta kontratupeko ikerlarien hauteskunde sindikaletan lortu dituen emaitzekin.

Lehen aldiz aurkeztu da aurten bozketara LAB, eta, beraz, aurreko enpresa batzordean ez zuen ordezkaririk. Oraingoan hiru ordezkari lortu ditu, bozen %17,64 lortuta. Gainera, sindikatu bozkatuena izan da; ELAk ere hiru ordezkari lortu ditu, eta bina CCOO eta UGTk. Babes handiena LAB bezala lehen aldiz aurkeztu den Elkartea hautagaitzak lortu du, bozen %43,38arekin zazpi ordezkari eskuratuz.

ELAk 2005. urteko ordezkaritza mantendu duen arren, boz kopuruan behera egin du, %23,59tik %16,17ra jaitsi baita. UGT eta CCOO izan dira, aldiz, galera handiena jasan dutenak, hurrenez hurren lau eta bi ordezkari galdu baitituzte. LABek azaldu duenez, Elkartea taldearen presentzia bereziki kaltegarria izan da bi sindikatu horientzat.

Parte hartzea baxua izan da oso, kolektibo batzuetan bereziki. 2005ean ere, langile asko izan ziren bozkatu ez zutenak; horren erakusle, langileen %33,20k baino ez zuen parte hartu hauteskunde sindikaletan. Aurten, berriz, 659 lagunek osatzen zuten errolda eta %20,63ak bozkatu du.

Erroldak berak ere aldaketa nabarmena izan du; 2005en 268 langile izatetik aurten 659 izatera igaro da. LABek azaldu duenez, irakasle lagunen eta ikertzaileen kontratazioak eragin du igoera hori. Hala ere, hauteskundeetako parte hartzea bi kolektibo horietan izan da bereziki baxua, %15ekoa zehazki; laguntzaileen, laguntzaile doktoreen eta kontratutako doktoreen artean %55ekoa izan da parte hartzea.

Kontratupeko irakasleek eta ikerlariek UPNAn jasaten duten diskriminazio eta prekarietateari aurre egiteko lanean jarraituko duela berretsi du LABek.

LAB, %17,64

Bozen %17,64 lortuta hiru ordezkari izango ditu LABek enpresa batzordean. ELAren aldeko bozak %23,59tik %16,17ra jaitsi dira. ELAk ere hiru ordezkari izango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo