GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Beatriz Azpiri eta Marije Etxebarria Bizkaiko Emakume Asanblada

1985ko Abortuaren Legearen erreformaren bidezidor amaigabeak

Emakumearen gorputzari dagokionean ere, salbuespenekin amaitzeko ordua heldu da. Geure gorputzak geureak direlako, geurea da erabakia

Gobernua, lege erreforma aurrerakoiaz mintzo zaigu, abortatzeko eskubide osoa, prestazio publikoa... baina hitz egokien botereak ez gaitzala itsutu! Abortua 33 urtez gure aldarrikapenen agendako gai garrantzitsuenetarikoa izan den jendarte mugimendua ez dator bat eta ozenki adierazi nahi dugu gure ezadostasuna gaur, ekainak 6, Bilbon ospatuko den manifestazioan.

Abortua ez dute Zigor Kodetik aterako eta Bizkaiko Emakume Asanbladakoak hauxe diogu: abortua ezin da delitu izan, gure erabakia ezin delako kriminalizatu. Delitua behar du izan gure nahiaren kontra egiten denean soilik (ez dut abortatu nahi eta abortatzera behartzen naute).

Osasun publikoan prestazio moduan abortu guztiak normalizaturik egotea nahi dugu, horrela ziurtatzen dugulako unibertsaltasuna, eskuragarri egotea.

Emakumeon erabakitzeko eskubidea nahitaezkoa da, eta berdin da haurdunaldia eteteko arrazoia: osasun eta lege errekurtso guztiak eskuragarri egon behar dira, gure osasun erreproduktibo eta eskubide sexualak bermatzeko.

Azken finean, epeak eta salbuespenak emakumeak adin txikiko moduan tratatzen gaituztelako, eta guk ez dugu behar ez tutoregorik ezta egiaztapenik. Izan ere, beste pertsona baten baieztapena behar izatean, ez garela geure kabuz erabakiak hartzeko gai edota gaitasun eza dugula dirudi.

Aipatutakoaren ostean, Aidok esandakoa gogora datorkigu: «Legez kanpoko jardunak ez dira zigorgabe geratuko». Eta nahiz eta emakumeek ez duten kartzela zigorrik jasoko -isuna, akaso-, medikuek urtebete eta hiru urte arteko espetxe zigorra jaso ahal izango dute eta urtebete eta sei urte arteko inhabilitazioa. Horrek segurtasun gutxiko egoeran uzten ditu haurdunaldia eteten duten profesionalak.

Eta emakumearen erabakiak, lehenengo hamalau asteetan eta hiru eguneko «hausnarketa» (!) egin ostean, izango du haurdunaldia eteteko nahikoa indar.

Iraingarri deritzogu aurreproiektuak kontenplatzen duenari: haurdunaldia eten nahi duenari amatasunari buruzko informazioa emateari, hain zuzen ere, eta emakumeak hausnarketa egin dezan, hiru egun pasatu arte haurdunaldia eten ezin izateari. Inork uste du abortatzeko erabakia pentsatu barik hartutako erabakia denik? Erabakia emakumeak hartu behar du: inori baimenik eskatu gabe eta azalpenik eman gabe.

Hamalaugarren astetik 22.era, gainera, erabakia medikuarena da. Haurdunaldia eten ahal da emakumearen bizitza edo osasuna arriskuan badago edo fetuak arazo larriak baditu. Eta kasu horietan, abortua gauzatu behar duen medikuaren oniritziaz gain, beste bi medikuk egindako txostenak behar dira. Aldiz, 22. astetik aurrera, haurdunaldia etetea diziplina anitzeko batzorde kliniko baten esku egongo da. Horrenbestez, berriz ere medikuek daukate hitza eta erabakia.

Lehenengo hamalau asteetan, 16 urtetik gorako neskek haurdunaldia eteteko erabakia hartzeko gurasoen baimenik behar ez izateak hautsak harrotu ditu. Legearen arabera, 16 urtetik aurrerako gazteek euren osasunari buruzko erabakiak gurasoen baimenik gabe har ditzakete. Orain arte, haurdunaldia etetea salbuespena izan da. Emakumearen gorputzari dagokionean ere, salbuespenekin amaitzeko ordua heldu da. Geure gorputzak geureak direlako, geurea da erabakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo