GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Inuitak eroso daude... Groenlandian

Ezer gutxi irakurri dut Groenlandiako hauteskundeen gainean. Zergatik hedabide ahaltsuek ez dute ezker independentistaren garaipen sendoaren berri eman, «konparatzerik ez dago» eta? Blogetan irakurri ditudan zenbait iruzkinek hipotesietara garamatzate. Euskal Herrian biolentziarik ez balego... Eta Irlandan biolentziarik egon ez balitz?, datorkit niri gogora -eta hau ez da, zinez, biolentzia defenditzeko ahalegina-. Estatu espainolak autodeterminazio eskubidea onartu izan balu, Euskal Herria independentea izango zen...? Kasu horretan ez zela biolentziarik egongo esateak sinesgarria dirudi. Nolanahi ere, hipotesiak alde batera utzita, eta dialektika ariketa erraz bat eginda, bat etorriko gara sintesi honekin: herritarren nahia errespetatzen duen estatu baten mende izanik, Groenlandiak biolentziarik gabe independentzia lortzeko benetako aukera du. Hala erakutsi du hango prozesuak. Baina ez nuen hori nabarmendu nahi, hain da nabarmena. Beste fenomeno bat ekartzeko asmoa nuen, eta dut.

Groenlandiak autonomia duenetik, Gobernuan Siumut alderdi sozialdemokrata izan da, 30 urtean, eta independentistak sekula ez dira nagusi izan. Beharbada Kopenhageko Gobernuak uste zuen groenlandiarrak -herritarren %80 inuit jatorrikoak dira- gustura zeudela beren autonomia mailarekin. Baina joan den azaroan % 75ek estatutu-erreformaren alde bozkatu zuten, eta estatutu berriak eskuduntza gehiago ez ezik, autodeterminazio eskubidea ere biltzen du; beraz, besteak beste, independentzia eskuratzeko aukera.

Espainiar politikariei -eta hainbat euskalduni- txitean-pitean entzuten diet euskaldunok hauteskundez hauteskunde autodeterminatzen garela, eta independentzia ez dela herritarren lehentasuna. Hemen ez eta Groenlandian bai?

Kontua da Groenlandian independentziaren aldekoak gutxiengo esanguratsu bat besterik ez zirela... aste honetara arte, autodeterminazio eskubidea onartuta dutela.

Estatu espainolaren beldurra ez da biolentzia, eta Groenlandiako prozesuak, beste askok bezala, erakutsi du Madrilen beldurra justifikatuta dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo