GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketako finala

Floren Nazabal da berriro ere txapela lortzeko faboritoa

Etxarrikoak Anjel Arrospide izango du aurrean. Leaburukoak lehen aldiz jokatuko du finala eta garbi dauka zutikako enborretan egin behar duela zuloa.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Buruz buruko Urrezko Aizkorak gaur gauean izango du amaiera, eta betiko moduan, Azpeitian izango da, 22.30etatik aurrera jokatuko baita finala Izarraitz pilotalekuan. Bertan, Anjel Arrospide eta Floren Nazabal izango dira aurrez aurre.

Aizkolariek proba ezberdinak egin beharko dituzte. Lehenik eta behin, 45 ontzako enborra ahalik eta kolpe kopuru txikienean mozten saiatuko dira. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatuko dira. Jarraian, 45 ontzako enborra zutik eta beste bat etzanda erdibitu beharko dute. Ondoren, 60 ontzakoa izango dute aurrean. Azkenaurreko lanean, kana-erdiko enborra zutik jarrita bota beharko dute. Azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte.

Finalaren atarian, bi aizkolariak daude gogoarekin eta ilusioarekin, eta biak finala jokatzeko gogotsu daude. Nazabal da egungo txapelduna, baina gaurkoan berari txapel hori kentzeko prest agertzen da Arrospide, nahiz eta jakin zaila izango dela. «Lehen aldiz jokatzen dut final hau, eta adin honekin honelako saio bat jokatzeak sekulako ilusioa egiten dit. Saiatuko naiz irabazten, baina gaur egun Nazabali irabaztea oso zaila da», dio Leaburukoak.

Nazabalek normaltzat hartzen du bera faborito izatea, txapelduna baita, baina ez du uste gero alderik izango denik. «Nik uste dut lehia estua izango dela. Lehen zatia Anjelentzat aproposa da, eta niretzat bigarrena», esaten du nafarrak.

Izan ere, hortxe egon baitaiteke gakoa. Arrospideri zutikako enborretan aurre hartzea zaila da, eta berak ere hor du itxaropena. «Zutikako enbor horietan ahalik eta lan onena egiten saiatuko naiz, tartea zabaltzeko. Amaierako lanera minutu erdi batekin heltzea ederra izango litzateke, baian hori lortzea ere ez da erraza izango», nabarmendu du gipuzkoarrak.

Etxarrikoak ere garbi dauka bere gaurko taktika. «Joan aurretik gauza bat pentsatzen da, baina gero beti ez du balio izaten. Nire asmoa da lehen zati horretan eustea, bere parean aritzea, eta amaierako lanean errematatzea», esan du.

Biek nahiko garbi dute gaurko finala azkeneko saio luzea baino lehen erabakitzea oso zaila izango dela. «Azkeneko saioa baino lehen erabakitzeko tarte handiarekin sartu behar da hor, eta ez dut uste horretarako aukerarik izango denik. Beste lanak laburrak dira, eta hor inork inori tartea handia kentzea zaila ikusten dut», adierazi du Leaburuko aizkolariak.

Finala gauean da, eta ordutegi hori ez da inoren gustukoa. «Egia esan, finalari aitzakiarik topatu behar bazaio, hor topatu behar zaio. Gauean ez dugu ia saiorik egiten; ni esaterako, hamarrak ingururako ohean egoten naiz normalean, eta finalerako sailkatu nintzanetik, hori ezin dut egin, ohitu beharra baitaukat ordu honetara. Ez dut uste inorentzat ona denik», dio gipuzkoarrak.

«Egia esan, azkenean ohitzen ari naizela uste dut. Gaurko hau ordu txarra da, hasiera batean asko kexatu ginen, baina inork ez zigula kasurik egiten ikusita, etsi egin dugula uste dut», aitortu du Florenek.

Erakargarritasuna

Finaleko erakargarritasunetako bat izango da Anjel Arrospide. 53 urte izan arren, sasoiko dago, eta Binakakoan ere finalean izan zen; horiek ez dira kasualitateak izaten. Asko harritu egiten dira aizkoran oraindik adin horretakoak goi mailan ikusten, baina Anjelek arrazoiak eman dizkigu. «Hor hutsune handi bat egon da. Urte askotan gazteek ez dute irteerarik izan aizkoratik, eta hasi eta utzi ibili ziren. Bakarren bat tartean sartu zen, Nazabal bera esaterako, baina gutxi, eta horren ondorioa da hau. Orain gauzak aldatu dira, gazteek badute berriro ere irteerarik, eta gaur egun 20 urte bueltan aizkolari on mordo bat dabil. Nik uste dut oso urte gutxiren buruan ikusiko ditugula mailarik onenean», esan du.

Arrospide Bakarkako Urrezko Aizkorako finala jokatuko duen hirugarren gipuzkoarra bihurtuko da, aurretik Olasagasti eta Peñagarikano ere jokatuta baitaude. Nafarrak ere, orain arte hiru bakarrik izan dira finalak jokatu dituztenak: Nazabal, Larretxea eta Mindegia. Ez da finalista gehiago egon.

Harri-zulatzaileak Gallartan arituko dira

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da gaur Gallartan, 19.00etatik aurrera. Parte hartuko dutenak, honako hauek izango dira: Gallarta, Trapagaran, Ortuella, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes eta KZ Kolpeka. Azken hori emakumez osatutako talde bakarra da.

Goiherri Ingalaterran arituko da

Sokatiran ez da Euskal Herriko Txapelketako saiorik jokatuko asteburu honetan, Goiherri taldea Ingalaterran jokatuko den torneo batetan arituko baita, ingelesen, eskoziarren eta irlandarren aurka. Bizkaitarrek 600 eta 640 kilotako lehiaketetan parte hartuko dute.

Gustuko lana

Bi aizkolariek ez diote inongo aitzakiarik jarri egin beharreko lanari. Hori bai, badakite lehen zatia gipuzkoarrarentzat egokiagoa dela, eta bigarrena, aldiz, nafarrarentzat.

Berandu

Norgehiagoka 22.30ean hasiko da, eta hori ez da kirolarien gustukoa.Kexu azaldu dira bi aizkolariak, alperrik dela badakiten arren.

Erasun eta Saralegi aurrez aurre izango dira 19 urtez azpiko lehian

Maila nagusiko finalaz gain, 19 urtez azpikoena ere jokatuko da gaur Izarraitz pilotalekuan. Bertan, Erasun eta Saralegi izango dira. 18 urteko bi gazte dira; gainera, zaleek itxaropen asko jarri dituzte beraiengan. Erasun agertzen da faborito, baina leitzarra aurreikuspenak apurtzen saiatuko da.

23 urtez azpikoa ere gaur jokatzeko asmoa zen, baina ez da posible izango, maila horretan ere finala jokatzeko txarteletako bat Ander Erasunek lortu baitu. Atutxa II.a izango du aurkaria, eta orain antolatzaileek lekua eta data aurkitu beharko dituzte txapela erabaki dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo