GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Denboraldiaren plangintza

Etorrerena baino lehen, irteeren atea zabaldu beharra

Azken hilabeteak utzita eman dituzten jokalariak kontutan hartuta, 28 gizon izango ditu Joaquin Caparrosek bere agindupean Lezamara itzultzerakoan.

p043_f01_42383.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | BILBO

Fitxaketei buruzko zurrumurruak Athleticen egunerokoaren errege bilakatu dira denboraldia amaitu zenetik. Are gehiago Joaquin Caparrosek presidenteari egin omen dizkion eskaerak kontutan hartuta. Gainera, taldeak hiru txapelketa jokatuko ditu udatik aurrera eta, entrenatzailearen konfiantza duten jokalarien kopurua nahiko murritza dela ikusita, argi dago Athleticek fitxaketak egin beharko dituela, egoera ekonomikoa onena ez bada ere.

Aldiz aurretik, baina, irteeren atea zabaldu beharko du klubak, hemendik lau astetara, Lezamara itzultzerakoan, 28 gizon izango baititu Caparrosek bere agindupean aurtengo denboraldian utzita egon diren jokalariak kontuan hartuta. Horrez gain, denboraldi-aurrea lehen taldearekin egingo duten gazteak ere izango dira. Hortaz, Athleticek, inor fitxatu ez arren, jokalari bati baino gehiagori irteera bilatu beharko dio; izan ere, hala egiten ez badu, fitxa gabeko gizonak eduki beharko ditu Lezaman hurrengo hilabeteetan.

Aztertu beharreko lehen kasua Iñaki Lafuenterena da. Atezainak oraindik ez du berririk jaso, baina klubak kontratua berritzeko proposamena luzatu dio Armandori, entrenatzailearen asmoak zeintzuk diren argi utziz. Azken bi denboraldiotan gertatu bezala, beraz, Lafuentek beste talde baten atea defendatu beharko du Athleticekin kontratua izan arren. Dirudienez, Sportingen jarrai dezake.

Hortik aurrera, entrenatzaileak denboraldian zehar minutuak nola banatu dituen begiratzea besterik ez dago irteteko aukera gehien dituzten jokalariak nortzuk diren jakiteko. Iñigok, Murillok, Garmendiak, Iñaki Muñozek eta Ustaritzek oso aukera gutxi izan dituzte azken hilabeteotan; ia batere aurreneko bien kasuan. Beraz, beraien etorkizuna Lezamatik urrun dagoela dirudi. Uztaritzen kasuan, hori are eta argiagoa da Caparrosekin izan duen polemika publikoa kontutan hartuta.

Badaude, bestalde, aurrekoek baino minutu gehiago izan dituzten arren taldea uzteko prest dauden beste jokalari batzuk. Gurpegik, adibidez, aukera hori aipatu zuen denboraldiko azken partidaren ostean.

Zubiaurre

Utzita egon diren jokalariei dagokienez, Iban Zubiaurrek izan ditzake Lezamara itzultzeko aukera gehien. Izan ere, Elx taldean lan ona egin du Mendarokoak eta, horrez gain, bere postuan Andoni Iraola bakarrik du Athleticek lehen taldean -azken asteotan Caparrosek Eneko Bovedari alternatiba eman diola ere kontuan izan behar da-.

Zailagoa izango dute itzulera Javi Casasek eta Tikok, Kordoban eta Eibarren oso minutu gutxi jokatu baitituzte.

ESTATUTUAK

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburu berriarekin bilduko da Garcia Macua, Kirol Klub eta Elkarteen Dekretuari buruz dituen asmoak ezagutzeko. Gaiak klubaren estatutuen berritzea gelditu duen arren, Ibaiganen urtea amaitu baino lehen prozesua amaitzea espero dute.

ZENTSURA MOZIOA

Athleticek zentsura mozioa aurrera eraman ahal izateko inprimakiak eman zizkion atzo prozesua abiarazi nahi duen Oscar Diez bazkideari. Aurrera jarraitzeko, klubeko bazkideen %5aren edo konpromisarioen herenaren abala behar du Diezek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo