Iñaki Lasa Kontseiluaren ildo politiko-instituzionalaren arduraduna
Europako hizkuntzak
Euskara eta katalana, galegoa eta bretoiera, eta beste hainbat ere Europako hizkuntzak dira, ez inondik etorritakoak; ondorioz, bertakoa, berezkoa izatea ere ez da nahikoa irizpide ofiziala izateko. Estatua da gakoa, gako bakarra; lortzen zaila, bestalde
Hor ditugu, kaleetan, gure arreta irabazi nahirik. Zeregin horretan denak balio du, barreak, keinu atseginak, botoa aurpegi atsegin batek erabaki izango balu bezala. Aurreko mendean bi mundu gerra ezagutu dituen Europa honetan, gure Europan, oraindik ere badela zeregina esatea begi-bistakoa den zerbait da.
Eskubide eta askatasunen unibertsalizazioan badu Europak nahikoa zeregin; izan ere, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasotzen den bezala, «inor ez da bereziko arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politika eta bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo bestelako inolako gorabeheragatik». Zerrenda aztertu besterik ez dago ohartzeko galtzak bete lan ditugula Europan bazterketarik gabeko gizartea eraiki arte.
Hizkuntzei dagokienez, Estrasburgoko Legebiltzarra bisitatzen duen pertsona oro harrituta gelditzen da bertako itzultzaile kopurua ikusterakoan. Izan ere, prentsaurrekoak eskaintzen diren aretoan, alboetako bi hormak oso-osorik kristalezko gela txikiz beterik daude eta, bakoitzean, bi itzultzaile aritzen dira esaten ari direna Europan ofizialak diren hizkuntzetara itzultzen.
Horren ikuste hutsak eleaniztasunarekiko begirunea dagoela pentsaraz dezake, eta horrela da baldin eta zure hizkuntza estatu baten hizkuntza bada. Izan ere, horixe da eta, ez besterik, Europan hizkuntza bat ofiziala izateko irizpide bakarra; estatu-hizkuntza izan behar du. Beste irizpide batzuk bazterrean gelditzen dira.
Adibide gisa esan dezakegu 300.000 hiztun dituen Maltako hizkuntza ofiziala dela. Euskal hiztunen kopuruaren erdia du hizkuntza horrek eta katalan hiztunak 7.000.000 inguru dira; hala ere, ez euskara ezta katalana ere ez dira hizkuntza ofizialak. Sostengua emango dien Estatu baten beharra dute bi hizkuntzok.
Hala ere, euskara eta katalana, galegoa eta bretoiera, eta beste hainbat ere Europako hizkuntzak dira, ez inondik etorritakoak; ondorioz, bertakoa, berezkoa izatea ere ez da nahikoa irizpide ofiziala izateko. Estatua da gakoa, gako bakarra; lortzen zaila, bestalde.
Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dira Euskal Herri osoan, bere Administrazio guztietan, hala Frantziakoan nola Espainiakoan. Ondorioz, argi esan behar da euskal hiztuna hizkuntza arrazoiengatik baztertuta dagoela eta Europak egoera horri bukaera emateko tresna politikoak izanik ez baditu erabiltzen, giza eskubideak urratu egiten dituela. Ez dago egonkortasun sozialik giza eskubideak urratuak diren gizartean eta horrela gertatzen da gurean.
Euskara ofiziala behar dugu Europan, guregatik, Europarengatik, bake eta oreka sozialarengatik, justiziarengatik. Euskara Europako hizkuntza da, agian zaharrena, babestu beharrekoa ez badugu geure historia galdu nahi.
Pentsa ezazu horretan lagun; aurpegi irribarretsuen garaian bakarrik gara indartsuak, eskubide eta askatasunekin konpromiso tinkoa duena bakarrik da hautagaia. Pentsa ezazu lagun.