GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Koadrilek ematen diete giroa eta kolorea Igorreko jaiei

EAJk eta Gobernu espainoleko ordezkaritzak Jai Batzordeak izendatutako pregoilariaren inguruan sortutako polemika albo batera utzita, jaietako bigarren egunaz gozatzeko parada izan zuten atzo Igorren. Kontzertu, errugbi txapelketa eta paella artean, herriko koadrilek festari giro polita eta kolorea eman zioten arratsalde partean burutu zen erreka jaitsieran.

GARA |

Igorreko Kultura zinegotzi Ohiane Goiagak azpimarratzen duenez, herriko koadrilak dira jaietako «bihotz eta buru». Izan ere, koadrilek Jai Batzordean egiten duten lan handiak eta ekintzak antolatzeko azaltzen duten grinak egiten ditu berezi Igorreko jaiak. Goiagak onartzen duenez, «koadrila barik jaiak ez lirateke berdinak izango».

Ostiralean hasi ziren San Antonio jaiek zeresan handia eman dute azken egunetan komunikabideetan Jai Batzordeak Guillermo Marañon Txiki euskal preso politiko ohia izendatu zuelako pregoilari. Kartzelan 14 urte baino gehiago eman ondoren, apirilean berreskuratu zuen askatasuna Marañonek zigorra beteta. Azkenean, ordea, pregoiaren irakurketa bertan behera gelditu zen EAJk eta Gobernu espainoleko ordezkaritzak epaitegietan jarritako salaketaren ondorioz, eta txupin bakar bat jaurtiz eman behar izan zioten hasiera jaiei herritarrek.

Polemikak polemika, jaietako bigarren egunaz gozatzeko aukera izan zuten atzo igorreztarrek. Horretarako, besteak beste, paellak, errugbi txapelketa eta kontzertuak izan zituzten. Hori bai, Goiagak nabarmendu bezala, koadrilen arteko olinpiadaren barruan antolatzen den erreka jaitsieraren aldeko apustu berezia egin dute aurten; horretarako, jaitsieraren ordua aldatu dute parte hartzea sustatzeko. Bertan ere, koadrila bakoitzak bere kolorearekin hartu zuen parte; izan ere, koadrilek identifikatzeko eramaten dituzten kolore ezberdinetako kamisetek ematen diote giro berezia festari Igorren.

Aste barruko egitaraua

Larunbat gaua pasatu ostean, indarrak berreskuratzeko beta izango dute gaur Arratiako bailaran kokaturiko herriko bizilagunek. Meza batekin emango diote hasiera egunari eta arratsalderako futbol zazpi txapelketako finala, Arantzarte Dantza taldearen ikuskizuna eta film laburren emanaldia izango dituzte.

San Antonio jaietako egitaraua asteburuari begira antolatuta dago batik bat, baina astean zehar ere Igorreko herritarrek izango dute zereginik. Bihar umeentzako pailazoak izango dituzte eta, asteartean, Arratiako musika eskolaren emanaldia. Asteazkenean, berriz, kalean spinning egiteko aukera izango dute eta ondoren «Juglarea, puta eta eroa» antzezlana izango da kultur etxean. Ostegunean, arratsaldean triki-poteoa eta ostean herri afaria antolatu dituzte. Erromeria eta play-back txapelketa ere izango dira.

Jaietako azken hiru egunetan, ekitaldiak ugaritu egingo dira. Besteak beste, umeentzako puzgarri eta jokoak, eta Aterkings, Sugar Balls eta Beste Bat taldeen kontzertuak izango dituzte. Jaiei izena ematen dion santuaren eguna, San Antonio, hurrengo larunbatean ospatuko dute.

GAURKO EGITARAUA

Gaur egun lasaia izango dute igorreztarrek indarrak berreskuratzeko. Besteak beste, futbola, dantzak eta film laburrak dituzte arratsaldeko egitarauan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo