GARA > Idatzia > > Kultura

Aniztasun kulturala kolore bidez islatu dute ehundik gora artisauk Getxoko Eskulangintza Azokan

Ehundik gora artisauk Getxoko Areetako Geltokia plaza euren lanen erakustoki bihurtu dute egunotan. Gaur ateak ixten dituen azokan, halere, ikusle huts izatetik harago joateko aukera ere izan dute gerturatutakoek.

p051_f01_148x104.jpg

Odeia AIESTARAN | GETXO

Zeramikaz, bitxiz, ehunez, harriz edota metalez eginiko lanek atontzen dituzte Getxoko Areetako Geltokia plazan artisauek jarritako 97 postuak. Uste baino eguraldi txukunagoarekin, atzokoan, haur, gazte eta helduek bete zituzten bertako txokoak goizean goizetik, zer edo zer ikusi, ahal izanez gero poltsikoratu edota gutxienez eskulangileekin mintzatzeko asmoarekin.

Euskal Herritik iritsitako artisauez gain, Aragoiko, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Madrilgo, Errioxako, Valentziako eta Kataluniako partaideak ere izan ziren bertan euren lanen berezitasunak ezagutzera emateko asmoz. Aurten, gainera, Italiatik eta Portugaldik etorritako eskulangileek ere parte hartu dute. Joaquin Lobo katalanak, esaterako, eskulpintura izeneko teknika erabiliz eginiko paperezko eta alanbrezko apaingarriekin jantzi zuen kolorez bere postua. Arrakasta gehien izan zuten lanak «belarritako bihurkorrak» izan ziren; haizeak eragindako formak dituzten belarritakoak, hain zuzen ere.

Etxeko txokoak apaintzeko produkturik ere ez da falta azokan, kandelak kasu. Alacantetik etorritako Silvia Alejandra Butti eta Diego Esteban Garciak hamaika kolore, forma eta tamainakoak dituzte erakustokian. Hala nola, diseinu geometrikoa dutenak, naturarekin lotutakoak, arezkoak edota kulturetan oinarritutakoak, aztekan, esaterako. Asturiastik etorritako Trigo, Espeleta eta Bustillo artisauek ere argizaria dute langai. Horiek, halere, lore-naturalak erabiltzen dituzte kandelak atontzeko.

Pinuz eginiko kajoiak

Honelako azoketan protagonismo handia izaten duen egurrak ere ezin zuen Getxon hutsik egin. Euskal Herriko artisauek euskarri hori lantzen duten bezala, Soriako Norbert Storbeckek ere zuhaitzen enborretatik sortzen ditu etxean erabiltzeko moduko kajoiak. Hala, bere inguruan ohikoenak diren arboletatik «enborrak aukeratu, sei eta berrogei hilabete artean lehortzen utzi, azala landu, kajoia hustu, lixatu eta argizaria emanez» lortzen du azken produktua.

Getxoko izarretako bat, halere, larrua da, hamaika baitira espezialitate hori lantzen duten artisauak. Poltsek, oinetakoek, lepokoek, agendek edo gerrikoek betetzen dituzte hainbat koloretako postuak. Izan ere, denek dute zer edo zer berezirik. Pontevedrako Ana Maria Alonsok, esaterako, artelanak baliatzen ditu bere lanak egiteko eta edozein artistaren koadro bat, adibidez, agendaren portadan ezartzen du. Cadizko Artenazari tailerrak, bestalde, larrua material naturalekin lantzen du eta kolorea da euren ezaugarri nagusienetako bat.

Gaur amaitzen den azokaz gozatzeko aukera badago oraindik eta, salmenta guneaz gain, erakustaldiak ikusteko aukera ere izango da. Hala nola, harri-zizelkatze teknika eta argizaria nola lantzen den ikasi ahal izango da.

Gastronomia gunea ere bada Getxon, Ibaiondo kalean, hain zuzen ere. Bertan, hamalau salerosle daude eta besteak beste, euskal pastela, ardi gazta ekologikoa, Erronkariko gazta edota ahuntz gazta dastatzeko aukera dago.

Aurtengo edizioan, bestalde, Bartzelonako eta Coruñako artisauek irabazi dituzte Getxoko Eskulangintza Azokaren diseinu eta stand lehiaketak. Lehenengoan, Sozo Disseny metal-tailer katalana izan da garaile; metalez eginiko biolin bat saritu dute antolatzaileek. Bigarren saria, Larrukin tailer getxotarrak eskuratu du larruzko xake bati esker. Stand lehiaketari dagokionez, bestalde, Culleredoko (Coruña) Canouras Encajes ehungintza tailerra atera da irabazle eta bigarren saria Martorelleko (Bartzelona) Geppeto Lobo paper eta alanbre tailerrak eskuratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo