Julen MURGOITIO
Ni jostunaren alde
Funtsezkoa da nork bere gorputzarekin gustura sentitzea, gorputzeko enbor eta adarrekin gustura, hezur eta azalarekin. Are funtsezkoagoa bere buruarekin, honek aparteko ahaleginak eskatzen baditu ere. Helburu horretarako abiapuntua arima gorputzetik bialtzea da, behin betiko bialdu ere. Utikan! Kanpora! Eta helbidea gorputza egoki babestea, gurea bezalako klima batean ezin baita beti biluzik ibili, are gehiago gaurkoa bezalako klima politiko baten enbatetan. Hortik konfidantzazko jostunaren beharra, nork bere janzkera propioa izateko, bere neurrikoa, beti ere neurria norberak neurtua. Modako modatik beste muturrean, beraz; ez dadin suertatu denok janzkera bera izatea, goizero Estatuaren zentrorako hegazkinetara pasarela batetik legez errenkan sartzen diren exekutiboen antzera, tabernako makinatik txanpona sartuta errenkan ateratzen diren pistatxoen itxura bete-betea dutela; klonak. Ez! janzkera bera ez, pentsamolde bakarra ere ez. Ez nago gorpuez, gorputzez baino. Gorputza gozarazten duen jantzia behar dugu, gorputz kolektiborako jantzia behar ere, Herri jantzia izango bagara behinik behin. Estatuaren kontra gorputzez gorputz aritzeko, eta gaur gaurkoz bere gainean gorputzekoa egiteko ere, zer demontre! Bidasoari eta Pirinioei konstituzioz ezarri dieten jostura behingoz askatzeko jostuna eta joskera behar dugu! Joskera, gainera, diskurtsoa hezurmamitzeko behar ere. Euskaldunoi konstituziozko trajea ondo daukagun ala ez gure gorputzak berak esan behar digu eta ez konstituzioaren jostunek. Eta esana digu estutu egiten gaituela, nonahitik estutu ere, behatzetatik bururaino, besape eta hankartetik pasatuta; kremailera larregi. Hortaz, traje berria behar dugu, neurri kolektibokoa, eta joskintza horretan konfidantzazko jostuna behar da, duintasunez diharduena, maisu, lagun, erreferente, argiontziko argi. Joskintza horretan asmatu egin behar da, eta asmatzen jakin, orain arte askatuz joan diren han-hemenkako harietatik tiraka eginez mataza osoa behingoz askatzea. Bestelako janzkera posiblea delako, bestelako joskeraz beti ere, hango zezen-larru inposatuan bizi gabe hemengo larru gorritan bizitzeko aukera gauzatuz, gorpuztuz.
Haria begiratzeari utzi eta brodatzeari eutsi, behingoz! Horretarako orratza behar da, jostorratza bai, jakina, baina, funtsean, iparrorratza! Eta konfidantzazko jostuna! Aurrera matazie!