Euskal literatura, oraindik egituratu gabeko esparrua
Sortzailea, argitaratzailea eta kritikaria, literatur sistemaren hiru katebegien ordezkariak, mahaiaren inguruan bildu ziren atzo: Fito Rodriguez, Olatz Osa eta Iratxe Retolaza. Gure literaturaren kasuan benetan sistemarik ba ote dagoen argitzea izan zen saioaren mamia eta hirurek bat egin zuten ezezkoan. Larrabetzuko Literaturia jardunaldien baitan euskal literaturak eginiko bidean izan dituen gabeziak eta aurrean ikusten dituzten erronkak nabarmendu zituzten.Xole ARAMENDI | LARRABETZU
Literatur Eskolaren eskutik, Larrabetzu euskal literaturaren hiria bilakatu da asteburu honetan. Idazleak, irakurleak, editoreak, irakasleak, kritikariak... guztiak bildu dira Larrabetzuko plazan literaturaz gozatuz, literaturaz hausnartuz, egindako bidea eta egiteke dagoena mahai gainean jarriz.
Atzoko ekitaldi sorta «Euskarazko literaturaren sistema: idaztea, argitaratzea, kritikatzea» izenburupean egindako mahai-inguruarekin abiatu zen. Fito Rodriguez, Olatz Osa eta Iratxe Retolaza aritu ziren hizlari, nor bere alorretik. Hauxe hausnartuz hasi ziren: ba al da euskal literaturaren esparrurik edo sistemarik? Ezezkoan daude hiruak.
Iratxe Retolazaren ustez, egituraren ordez desegituraz hitz egin beharko genuke. Bere iritzian, «eragileek ez dute modu antolatuan funtzionatzen». Kritikariaren esanetan sendotu dena normalizazioa linguistikoa da, ez literarioa. «Sendotze literarioak berekin dakar sendotze linguistikoa, baina ez alderantziz», adierazi zuen. Zentzu horretan, gaitasun literarioa linguistikoaren eskutik iritsiko denaren ustea hautsi egin behar dugula nabarmendu zuen.
Olatz Osaren iritziz sistema egon badago, baina ez du modu horretan funtzionatzen. «Gure txikitasunean bakoitza berean ari da. Izan bagara, baina jardun ez dugu egiten», azaldu zuen.
Ezin sistemaren desegituraketaz hitz egin euskarak bizi duen diglosia aztertu gabe. «Euskaldunak, nahitaez, itzultzaileak gara. Bi erregistrotan gainera, euskara jasoan eta herrikoan. Diglosia patologikotzat jo izan da, baina hauxe da gure indarra», adierazi zuen Fito Rodriguezek.
Literatur sisteman hiru esparru zehatz daitezke: sormena, irakurlearenganako bidean dauden eragileak eta irakurlea bera. Euskarazko literaturari dagokionean osasuntsuena idazlea da. Hauxe atzoko ekitaldiaren ondorioetako bat. Eragileei dagokienean, gehienbat ahuleziak geratu ziren agerian eta irakurleari begiratuz gero bere prestakuntza gabezia azpimarratu zen batik bat.
Osaren esanetan, gaur egungo erronka sormen lana irakurlearenganaino bideratzea da. «Euskal Herriko argitaletxeak txikiak dira eta bizi dugun egoera diglosikoan gaitasun handirik ez dute. Liburu denden alorrean dauden gabeziek ere -herri txiki askotan egon ere ez daude- zer pentsatua ematen du», gaineratu zuen.
Osasuntsuen dagoen alorraz galdetuta, hauxe bere erantzuna: «Literatur politikarik egin ez denez, ez dut osasuntsu dagoen alorrik ikusten».
Baikorragoa da Fito Rodriguez idazlea eta Idazleen Elkarteko lehendakaria. «Gero eta gehiago irakurtzen da, literatura ez bada ere», esanez hasi zen. «Une historiko guztietara berandu iritsi ondoren, gaur egun ematen ari den iraultza teknologikora, behingoz, garaiz eta egoki prestatuta ailegatu gara», jarraitu zuen.
Bere esanetan, artistak publikoa behar duen bezala, literaturak ere beste horrenbeste eskatzen du. «Sinergiak behar dira, indarrak biltzea. Jardunaldi hauek dira honen adibide -jarraitu zuen-. Giro literarioa behar dugu eta hau ez dute erakundeek lortuko».
Literatur klubak
Irakurlearengana hurbilduko zuen bitartekaririk ezean, urte luzeetan, idazleak berak hartu behar izan du hainbat konturen -antologiak prestatzea eta kritikak egitea, besteak beste- ardura. Halaxe esan zuen Iratxe Retolazak. «Gaur egun literatur klubak dira bitartekaritza lana hobekien egiten dutenak -zehaztu zuen-. Unibertsitatea ahul ikusten dut, baita irakurlea ere, azken honi biderik ez zaiolako eman».
Irakurleen sorreran ezinbesteko garrantzia duen hezkuntza sistemaren gaineko eztabaidak saioaren zati handia hartu zuen. «Irakaskuntza ez doa irakurlea sortzera, erosle posiblearen bila baizik. Literatur testua hizkuntza ikastera bideratzen da, ez besterik. Bolognak ere hori dakar», adierazi zuen Retolazak.
Finlandiaren adibidea mahairatu zuen Olatz Osak, eredu gisa. «Han irakasleen trebakuntzatik hasten dira eta profesional onenak jartzen dituzte umeei irakasten», azaldu zuen.
Fito Rodriguezek Euskal Herriak duen desegituraketa egoerara bideratu zuen begirada. «Alfonso Sastre, Roland Barthes eta Piarres Lartzabal bata bestearengandik oso hurbil bizi ziren, baina ez ziren inoiz elkartu literaturaz hitz egitera. Zergatik? Herri desegituratua dugulako», esan zuen. Horren harira, egituratuko duen plana eskatu zuen.
Beste datu esanguratsu bat ekarri zuen gogora: «Gaur egun eskandinaviar herrietako idazleak daude literatur merkatuan punta-puntan; 3-5 milioi biztanleko hizkuntzetan idazten duten idazleak: Henning Mankel, Stieg Larsson...». Puntu honetan, sistema egituratzeaz arduratzen den Estatuaren garrantzia azpimarratu zuen Olatz Osak, «gurean gertatzen ez dena».
Alboan zuen Iratxe Retolazak, erakundeek baino herri proiektuak egituratutako esparruaren aldeko apustua egin zuen. Bere ustez, Euskal Herrian askoz ahalegin handiagoa egiten da kanpoko legitimazioari begira barnekoari dagokionean baino.
Berak lantzen duen alorrari atxiki zitzaion ondoren. «Ez da literatur kritikaren funtzioa ulertu, eta beste kultura diglosikoetan hau ez da gertatzen», adierazi zuen. Gaur egun euskal gizartean ematen den fenomeno bat ere aipatu zuen Retolazak: euren literatur lanengatik baino, hedabideetan duten presentziagatik jendartean erreferentzia diren idazleak.
Honen harira, idazle ona zerk egiten duen zehazten saiatu ziren. «Idazle ona bere obrak egiten du. Beste kontua da famatua edo arrakastatsua den. Gauza asko sartzen dira hor: ahoz ahokoa, komunikabideak, idazlearen komunikaziorako gaitasuna eta batez ere borondatea... Hori dena argitaletxeen promozioa ahaztu gabe», esan zuen Olatz Osak, azken alor honetan Euskal Herrian egiten den esfortzua behar baino txikiagoa dela gaineratu aurretik.
Fito Rodriguezek honoko paradoxaz pentsatzeko gonbitea egin zien entzuleei: «Idazlea ona da berrikuntza dakarren neurrian, baina berria dena ez du irakurleak ulertzen. Idazle batek irakurleak bereganatzeko duen bide bakarra hauek bere literatura ulertzea da, baina orduan ez du ezer berririk ekarriko», azaldu zuen.
Iratxe Retolazak, idazle baten maila literarioaz ari garenean bi maila bereizi zituen: literatur munduan aritzen direnen artean ematen den ahoz ahokoa eta irakurleena, azken hau hedabideek mediatizatua. «Bien artean sekulako jauzia dago», adierazi zuen.
Euskara hutsezko lehen azoka
Literaturaren alorrean lanean ari direnen presentziarekin mahai-inguruak egin dira batetik Larrabetzun. Atzo arratsaldez sarera egin zuten salto, blogak eta letrak gaia ardatz hartuta egin zen saioarekin.
Jardunaldiak osatuz, argitaletxe nagusienen parte-hartzearekin liburu azoka ere egin da asteburuan. Hauxe da euskarazko liburuekin soilik Euskal Herrian egiten azoka bakarra, gainera. Aurten egin da lehen aldiz eta denborak esango du jarraipenik izango duen.
Auzolanean antolatutako jardunaldiak dira Larrabetzukoak eta literaturia -honela esaten dute Bizkaiko gune honetan- kaleaz jabetu da egunotan, haurrei zuzenduta herriko elkarteek antolatu dituzten ekitaldiei esker. Atzo, esaterako, Literatur Eskolak kultur etxearen lau hormetan bere saioa egiten zuen bitartean, herriko txikienak gustura zenbiltzan antzerki giroan.
Literaturia jardunaldiei gaur emango zaie bukaera. Goizeko hamaiketatik aurrera aurten lanen bat argitara eman duten hainbat idazle euren liburua besapean hartuta hurbilduko dira azokara. Irakurleen eta sortzaileen arteko harreman zuzena sustatzeko bidea da hori. Atzo bezala, elkarrekin bazkalduko dute.
Arratsaldeko zazpietan, Mikelazulo elkartearen «Ate hautsiak» errezitaldia iragartzen da Hori Bai gaztetxean. Ondoren, eguna borobiltzeko, Kukubiltxok bere antzezlana eskainiko du.
«Gure txikitasunean, bakoitza berean ari da. Izan bagara, baina jardun ez dugu egiten», esan zuen Olatz Osa Elkar argitaletxeko ordezkariak.
«Une historiko guztietara berandu iritsi ondoren, gaur egungo iraultza teknologikora, behingoz, garaiz eta egoki prestatuta ailegatu gara», adierazi zuen Fito Rodriguez idazleak.