Gaur hasiko da Dauphine Libere lasterketa
Tourrera begira egindako lana azaltzen hasteko ordua
Frank Schleck da Luxenburgoko Itzuliko liderra hirugarren etapan nagusitu ostean.
GARA | BILBO
Dauphine Libere lasterketako 61. ekitaldiko palmaresean Alejandro Valverderen lekukoa hartuko duen txirrindulariak -Valverde bera izan liteke, noski-, erlojuaren aurka eta mendian gora zein behera ongi dabilela erakutsi beharko du. Izan ere, azken batean, Tourra hasteko hilabete eskas falta da eta egindako lanaren emaitzak erakusten hasteko unea iritsi da jada.
Nancyn hasi eta amaituko da gaurko aitzin etapa: 12 kilometroko erlojupekoa, hain zuzen. Bi etapa lauren ostean, Valenceko erlojupekoak finkatuko du sailkapena mendiko etapen bezperan.
Bosgarren etapan, Mont Ventouxen izango da helmuga; seigarrenean, Briançonen izango da amaiera, Izoard jaitsi eta gero. Alpeetako hirugarren etapa, Galibier eta Croix de Fer igo ostean, Saint-François-Longchampen amaituko da. Grenoble arteko azken etapak ez luke aldaketarik ekarri behar, baina lehen mailako Saint Bernard du Toumet mendatean -helmugatik 25 kilometrora- mugimenduak izan daitezke.
Dauphine Liberen gailentzeko hautagai zerrenda ez da txikia, baina mundu guztiak Contador du buruan. Alabaina, Pintoko txirrindulariaren hitzetan, «aspaldian lehiatzeke nago eta ez dut nire burua faboritoen artean ikusten. Valverde, Evans, Gesink, Basso edo Igor Anton aintzat hartu behar dira», esan zuen madrildarrak.
Euskaltel-Euskadiko burua izango da Igor Anton, baina bere helburua ez da sailkapen nagusia, «mendiko etapetan aurrean ibiltzea baizik». Dauphine Libereko 12 euskaldunek etapa garaipena bilatuko dute.
Luxenburgoko Itzulian, berriz, Saxo Bank taldeko Franck Schleckek etapa garaipena eta lidergoa eskuratu zituen atzo. Kloden da bigarrena, lau segundora. Bestetik, Pantaniren oroimenezko lasterketan LPR taldeko Roberto Ferrari nagusitu zen.
Emakumeen probei dagokienez, esan behar Euskal Herrian mailari oneneko bi probak astear direla: Durango-Durango proba asteartean eta Emakumeen Bira ondoren. Mundu mailako onenek hartuko dute parte.