Agoniak batere garrantzirik ez duen epilogoari eman dio lekukoa
EIBAR-GIRONA
GARA | EIBAR
Denboraldia joan zen astean amaitu zen Eibarrentzat, baina lehiaketak bere araudia du eta taldeak hiru partida jokatu beharko ditu oraindik.
Helburu bakarreko -zalegoari gutxienez garaipen bat eskaintzea-, motibazio eskaseko eta batere garrantzirik gabeko partida izango da gaurkoa, argi baitago Eibarren etorkizuna Bigarren B Mailan dagoela. Horrek, agian, Josu Uriberen lehen garaipena erraz dezake. Hala ere, futbola psikologia hutsa ez dela kontutan hartuta, azken hilabeteotako presio itogarriaren desagerpenak ere ez du ziurtatzen garaipena lortzea.
Gainera, beste behin ere, taldeak baja ugarirekin aurre egin beharko dio partiduari: denboraldi osoko madarikazioarekin jarraituz, ia jokalari gehiago egongo dira harmailetan zelaian baino. Jon Urzelai izan zen, atzo bertan, bajen zerrenda luzera gehitu zen azkena -bederatzi jokalari daude minduta-; oñatiarrak kolpe gogorra jaso zuen eta bizpahiru atzamar izan ditzake apurtuta.
Egoerak behartuta, Uribek taldeko ateak zabaldu dizkie gazteei. Xabi Iruretagoienaz gain -hasieratik arituko da atezaina bigarren astez jarraian-, Asier Sanchez eta Ander Olaizola ere deialdian sartu dira.