GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega

Zizurkilen abiatuko dira lehiaketa ofizialak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Orain dela bi aste abiatu zen segalarien denboraldia, Almitza elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako txapelketarekin, baina federazioek antolatzen dituztenak bihar bertan hasiko dira Zizurkilen, bertan jokatuko baita Gipuzkoako azkartasuneko finala.

Saioa 18.00etatik aurrera jokatuko da San Millan baserriko zelaietan. Bertan, bai mutilak bai neskak lehiatuko dira.

Mutiletan aritzeko, honako hauek eman dute izena: M. Alkorta, T. Alkorta, Argaia, Arteaga, I. Esnaola, A. Esnaola, Etxeberria, Gabirondo, Goikoetxea, J.J. Lizaso, I. Lizaso eta Mitxelena.

Nesketan, berriz, hiru besterik ez dira arituko. Honako hauek izango dira: Galarraga, Garin eta Gorostidi. Nazioarteko eran egiten den moduan, azkartasuna eta txukuntasuna uztartu beharko dituzte. Nesketan, badirudi Arrate Garin aterako dela faborito, baina mutiletan izen bat baino gehiago aipatzen dira. Gabirondo, Lizaso eta Goikoetxea dira agian gehien nabarmentzen direnak, baina faborito izateak ez du esan nahi irabazi egin behar dutenik. Gainontzekoen maila ikusita, argi dago lana gogotik egin beharko dutela irabazi nahi badute.

Sega munduak izango du hemendik aurrera lana, jarraian betiko erako lehiaketak ere jokatuko baitira, eta Almitza elkarteak antolatzen duen lehiaketak ere aurrera jarraituko baitu. Aurten, gainera, Europako Txapelketa ere jokatuko da, eta horrek interes berezia sortzen du. Izan ere, Euskal Herriak nazio bezala lehiatzen du, eta, gainera, azken urte hauetan emaitza nahiko onak lortu dituzte euskal ordezkariek.

Sokatira

Sokatiran talde batzuk astebeteko atsedena izan dute, baina berriro ere lehiaketa itzuliko da. Hala, gaur Martiartun, Erandion, jokatuko da 640 kilotako bigarren jardunaldia, 17.30etatik aurrera.

Goiherri A, Goiherri B, Areso, Gaztedi, Getxo eta Mutriku lehiatuko dira. Lehen jardunaldian Goiherriko lehen taldea izan zen nagusi, eta gaur bere zaleen aurrean arituko direnez, bizkaitarrek ez dute hutsik egin nahiko. Garaipena erdiesten baldin badute, gainera, txapela ere ia segurtatuta izango dute.

Gainerako taldeek atseden izan zuten pasa den astean, baina hauek Ingalaterran aritu ziren bertako torneo bat jokatzen, eta lan bikaina egin zuten. Orain arte besteen gainetik izan dira, eta horixe baieztatu nahiko dute gaur Erandioko Martiartu auzoan jokatuko den saioan.

Hortik atzerakoek lehia gogorra izan zuten aurreko jardunaldian, eta berdinketak ere ugari izan ziren, nahiz eta Gaztedik eskuratu zuen azkenean bigarren postua.

Bestetik, Nafarroako Iparraldeko Jokoen Torneoak aurrera jarraituko du, eta bihar izango du bigarren jardunaldia. Etxaurin jokatuko da 18.0etatik aurrera, eta, bertaratzen denak, kirol ezberdin mordo bat ikusteko aukera izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo