Kepa Junkerak «Fandango» sorta berria dakar plazara
«Fandango Provença Sessions» bilduma lana aurkeztu du Kepa Junkerak, Melonious Quartet soka taldearekin batera kantuak moldatuta. Modu horretan sonoritate berriak bilatu nahi izan ditu errekaldearrak, sokak eta trikitia uztartuz. Kepa Junkeraren hamalau kantu ezagunen moldaketa dakarren lana zuzenean aurkeztuko dute orain, hiru asteko bira bat abiatuta. Atzo Guggenheim Museoan jo ostean, Ataunen izango dira gaur eta Chillida Lekun bihar.
Anartz BILBAO | BILBO
Trikitia eskuetan, musikari iaio eta ikusgarria da Kepa Junkera, eta egitasmo berriak aurkeztu eta bide berritzaileak ibiltzen ere ez da atzean gelditzekoa, aurkezpenei dagokienean behintzat, eta atzo «Fandango Provença Sessions» bildumaren berri eman zigun errekaldearrak, Guggenheim Museoan.
«Etxea» egitasmo erraldoiaren lehen atala itxi eta bigarrena prestatzeko pausuak ematen dabilela (diru-laguntzek sortu kalapita tartean), atseden hartzeko geldiunetxoa egin eta Melonious Quartet soka taldearekin plazaratu bilduma dugu «Fandango Provença Sessions», Errekaldeko trikitilariak orain arte plazaratutako diskoetan ageri diren hamalau kantu aukeratu eta berrirakurrita.
Sorta baten hasiera
Kepa Junkerak sorta berri baten hasiera dakar Melonious Quartet taldearekin prestatu lanarekin. «Fandango» izenburupean, munduan barreiaturik diren musika tresnekin uztartu nahi du trikitia, eta sonoritate berri batekin diskoak plazaratu.
Sortako lehena da, beraz, «Fandango Provença Sessions», «mandolinen soinu indartsuak betidanik erakarri bainau». Errekaldearrarentzat, «trikitiaren eta mandolinaren soinuak bikain egin dute bat» eta modu horretan, «aspaldiko ametsa gauzatu dut». Gainera, sorta berri honek bere lanak «berpiztu eta berreskuratzeko» balioko dio Junkerari, «ñabardura eta bihurgunez beterik» daude-eta. Konponketa, harmonia, detailea... «Elkarketa hauek aberastasun artistiko ikaragarria ematen diote nire musikari eta esperientzia profesional eta pertsonal interesgarriak dira niretzat».
Esperimentua honetarako, eta behin euskal kantu tradizional batzuk hautatuta, Melonious laukoteko gidari Patrick Vaillant arduratu da hauek moldatu eta berrirakurtzeaz, «mandolinekin dimentsio berri bat emanda», proventzar ukituarekin. Junkeraren ustez, «tresna tradizionalak jotzen dituzten arren, musikari bide berriak ireki eta soinu berrien bila» aritzen den taldea da Vaillantek zuzendu laukotea.
Mandolina eta trikitia uztartzearen emaitza, diskoan ez ezik zuzenean ere entzun ahal izango da, Junkera bira egitekoa baita Melonious Quartetekin. Atzo, goizean lana aurkeztu ostean arratsaldean Guggenheim Museoan jo zuten, eta gaur Ataunen jo ostean, bihar Hernaniko Chillida Leku Museoan izango dira. Ekainaren 25ean, Consorcio eta Oskorrirekin batera Bilbon ongintzazko kontzertua eskainiko dute eta uztailaren 8an, Iruñeko San Fermin jaietan joko dute.
Eta uda ostean, azaroan itzuliko dira hurrengo, proventzar laukotea lanez lepo ibiliko baita uda partean, batean eta bestean jo eta jo.
Lanak «Kalejira al-buk», «Hiri», «Lau eskutara», «Infernuko auspoa», «Bilbao 00:00», «Mares», «Triki up» eta «Quercus endorphina» diskoetan agertutako hamalau kantuen berrirakurketak biltzen ditu.
Ataun: Gaur.
22.30. Herri Antzokia. 15 euro.
Hernani: Bihar.
19.30. Chillida Leku. 12 euro.
Bilbo: Ekainak 25.
20.00. Euskalduna.
20/25/28 euro.
(Gizakia Fundazioaren alde).
Iruñea: Uztailak 8.
13.00. Gayarre antzokia.
Patrick Vaillant eta Thomas Bienabe mandolina jotzaileen elkarketatik sortua, Jean-Louis Ruf-Costanzo mandolontxelo jotzaileak eta Patrick Osowiecki mandola jotzaileak osatzen dute egun Melonious Quartet proventzar laukotea. Taldeak mandolinaren ikuspegi berria dakar musika mundura, Vaillanten gidaritzapean. Hamar urteko ibilbidean musika kultuko moldaketak egin dituzte, baita Mediterraneo aldeko herri doinuenak ere, zehaztasun eta umore finez.
Junkeraren kantuek ere bide berri bat ireki dute laukote proventzarraren mandolinaren laguntzarekin, eta Nizako Mandolinaren Askapenerako Frontearen sortzaile, eta mandolinari buruzko nazioarteko Mandopolis topaketen zuzendari den Vaillant pozik agertu zen atzo, «mandolinari soinu berriak gehitzea» baitu helburu Junkeraren trikitiari sokak gehitu dizkion laukoteak. Orain lana zuzenean aurkezteko asmoa badute ere, udarako kontzertu ugari itxita ditu dagoeneko laukoteak, eta iragarritako lauzpabost daten ostean azarora arte itxaron beharko dute berriro Kepa Junkerarekin batera jotzeko.GARA