GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Politikan ez dago gauza politikan

Igandeko putxerazoaren berri izatean, Lazkao Txikiren hitz horiek etorri zitzaizkidan gogora. Bertsolari txiki handiaren esaldiak ederki biltzen du denok buruan duguna. Izan ere, igandeko hauteskundeetako boto zenbaketetan itsusi jokatu dute batzuek.

Jakina denez, Iniziatiba Internazionalistaren botoak baliogabetu dituzte hainbat eta hainbat lekutan, batez ere Iniziatiba Internazionalistako ahaldunik ez zegoen lekuetan; beste hainbatetan, berriz, beste indar politiko bati eman dizkiete, nortzuek eta ahoa betetzen duten demócrata-de-toda-la-vida direlako horiek. «Ahora» zioen PPren iragarkiak; inork gutxik ulertu zuen eslogan hori euskaraz zela, nora eta ahora sartu baitzituzten gerora Iniziatiba Internazionalistaren botoak: PPren ahora, aho beltzera.

Inork ez du ematen ez duenetik... lotsa izan ezik; auzo lotsa ematen du Espainiak, Europan, barregarri gelditzen ari dira mundu osoaren aurrean demokrazia lezioak munduan zehar ematen ibiltzen diren hauek. Lotsagarri gelditu da Rubalcaba; informatika sortu zenetik, edozeinek balia dezakeen aitzakia merkea baliatu baitu Barne ministro ahalguztidunak; guztiarekin ere, aitzakia zuria bere burua zuritzeko.

Lotsagarria bezain adierazgarria Amezketan gertatutakoa: Iniziatiba Internazionalistaren botoak POSIri eman: pozik egonen ziren, noski, POSIkoak. Troskoak dira, IV. Internazionalekoak, eta euren ametsik sutsuenetan ere ezin zuten imajinatu Gipuzkoako herri txiki polit horretan gordetzen zela, urterik urte gorde ere, Leon Trotski-ren gogaide-multzorik handiena: aspaldion lo egondako zelula troskoa berpiztu zen igande honetan Amezketan. POSIkoak pozik hasieran, baina ametsak amets.

Harrotuta daude fatxak, harrotuta daudenez, eta hortxe izan dute galbidea: Noainen, adibidez. Iruñea ondoko Noain herrian kapazak izan ziren lotsagabeki boz abertzaleak baliogabetzeko -eta ez bakarrik Iniziatibarenak-. Aitzakia? Boto-paperak ele biz -erdaraz eta euskaraz- zeudela, Noain «zonalde ez vascofonoa» denean. Zorionez, igande osoan eta musu-truk lanean izan ziren ahaldunei esker, hauxe gelditu da agerian: alde batetik, sistema (ustez) demokratikoa ez dela batere fidagarria, eta, bestetik, bere burua demokratatzat jotzen duten horiek ez direla batere demokratak.

Putxerazoa begi-bistakoa izan da, eta sistema ustela dela frogatu dute. Brunete mediatikoa gorabehera, denon esku dago zentsura mediatikoa gainditzea; hamaika adibide dugu eta hamaika bide salatzeko. Asaldatzeko modukoa izan zen igandekoa eta, horregatik, duintasun pixka bat duen orok salatu eta borrokatu behar du hauteskunde-txapuza hau. Bakarrik inozoek sinesten dute Espainiako telebista bateko aurkezle ezagun batek esaten zuen hori: «Horrela gertatu dira gauzak, eta guk horrela kontatu dizkizuegu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo