GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

ACBko finala

Estatistika madarikatuak ahaztera behartuta

25 urteko historia luzean, aurreneko partida galdu duen taldeak bi aldiz bakarrik lortu du kanporaketari buelta eman eta finala irabaztea.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Gaur arratsaldean jokatuko dute Gasteizen Baskoniak eta Bartzelonak ACB Ligako finalen bigarren neurketa (18.15, La2). Eta bigarren hitzordua horren azkar iristeak alde on bat ere izango du: arabarrek denbora gutxiago izango dute buruari bueltak eman eta estatistikei begiratzeko. Izan ere, zenbakiek diotenez, finaleko aurreneko partida irabazten duen taldeak titulua bereganatzen du ia beti.

Zenbaki horiek zehatzago aztertuz, deigarria da orain arte jokatu diren 25 finaletatik 23tan, bi denboraldi kenduta beste denetan, lehen garaipena eskuratu duen taldea izan dela ACBko txapelduna. Salbuespen bakarrak 1984/85 eta 1994/95 denboraldietan iritsi ziren. Lehen kasuan, Joventutek aurreneko partida irabazi arren, titulua Real Madrilek eraman zuen. Hamar urte beranduago, Unicaja gailendu zen irekierako deman, baina azken garaipena Bartzelonarentzat izan zen.

Baskoniari dagokionez ere, «lege» berezi hori beti bete izan da. Aurtengoa alde batera utzita, gasteiztarrak bost aldiz iritsi izan dira ACB Ligako finalera eta aurreneko partida irabazteko gai izan ziren bi aldietan -2001/02an Unicajaren aurka eta 2007/08an Bartzelonaren kontra- titulua bereganatzea lortu zuten. Aurreneko neurketa galdu zuten hiru kasuetan, aldiz, -1997/98an Manresaren kontra, 2004/05an Real Madrilen aurka eta 2005/06an Unicajaren kontra-, esku hutsik itzuli behar izan zuten etxera.

Estatistikak ahaztu eta bere betiko izaerari heldu behar dio Baskoniak horrenbestean. Ostegun arratseko neurketak argi utzi zuen Bartzelonari irabazteko jokoaren alderdi guztiak zaindu behar direla. Kataluniarren barneko jokoari bikain egin zion aurre talde euskaldunak, erasoko errebote kopurua bikoizteraino, baina kanpotik jaurtitzeko dituzten errekurtsoak ere amaigabeak dira, Andersen pibotarekin hasi eta Basile hegalekoarekin amaitu arte.

Defentsan egindako lanari, gainera, erasoan laguntza eman behar zaio. Zazpi edo zortzi gizonekin jokatzen duen talde batek guztien laguntza behar du markagailuan gora egiteko eta, zentzu horretan, Prigioni eta Mickealen puntuak faltan bota zituen Ivanovicek aurreneko norgehiagokan -zazpi puntutxo baino ez bien artean-.

Horiek dira Baskoniak kontuan izan beharko dituen zenbait xehetasun, nekeari aurre egin eta zaleen laguntzarekin Bartzelonaren aulkiari ongi erantzun ahal izateko. Aurtengo denboraldian elkarren aurka hamar neurketa jokatu dituzten arren, ziur oraindik ezustekoren bat egongo dela.

Paco Vazquezek beste urtebete segituko du Bilbon

Paco Vazquez hegalekoak beste urtebeterako luzatu du Bilbao Basketekin zuen kontratua, beste denboraldi bat gehitzeko aukerarekin. Vazquezek 468 partida jokatu ditu ACB Ligan, horietatik 70 talde bilbotarrarekin. Bilbon titulu bat irabaztea omen da Eivissakoaren ametsa.

Los Angeles 3-1 aurreratu da NBAko finalean

Los Angeles Lakers 3-1 aurreratu da NBAko finaletan laugarren partidan Orlando Magici 91-99 irabazi ostean. Kobe Bryantek 32 puntu sartu zituen arren, Derek Fisher antolatzaileak erabaki zuen norgehiagoka bi hirukorekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo