GARA > Idatzia > > Mundua

Lasai egoteko esan duen arren, txertoa lehenbailehen egotea eskatu du OMEk

Osasunerako Mundu Erakundea A gripeak kutsatutako herrialdeak lasaitzen saiatu zen atzo, ostegunean XXI. mendeko lehen pandemia deklaratu ostean. Oraingoz, 29.669 kutsatu eta 145 hildako izan dira. Hala ere, mundua gaixotasunari aurre egiteko prest dagoela esan du OMEk.

GARA

XXI. mendeko lehen pandemia deklaratu ostean, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen atzo. Mundua A/H1N1 birusak eragindako gripeari aurre egiteko gai dela plazaratu zuen. «Aurretik egon diren pandemiak ez ditugu hain azkar antzeman. Oraingo hau, hasiera hasieratik eta denbora errealean detektatu dugu», nabarmendu zuen OMEko zuzendari Margaret Chanek, alerta maila altuena ezarri eta gutxira.

Azken egunetan, berebiziko ahalegina egin dute kutsatutako herrialdeen artean izua zabaldu ez dadin. Bere hitzetan, pandemia moderatua da.

Erakundeak aditzera eman duen azken balantzearen arabera, oraingoz 29.669 kutsatu izan dira 74 herrialdetan eta gaitzak jota hildakoak 145 izan dira. Aurreko txostenarekin alderatuta, Kanadan, Estatu espainolean eta Argentinan egin du gora kutsatu kopuruak. Lehenengoan, 532 kutsatu gehiago izan dira, bigarrenean 131 eta hirugarrenean 87.

Kutsatu gehien izan dituen herrialdea AEBak dira (13.217). Atzetik, Mexiko (6.241), Kanada (2.978), Australia (1.307), Txile (1.694), Britainia Handia (822), Japonia (549), Estatu espainola (488), Argentina (343), Panama (221) eta Txina (188) daude.

Gomendioak herrialdeei

Asteazkenean, erakundeko kide diren 193 herrialdeei hainbat gomendio helarazi zizkien OMEk, larritasunaren arabera. Pandemia deklaratu arren, pertsonen nahiz ondasunen mugikortasuna mugatzearen aurka egin zuen. AEBei, kutsatu kopuru handiena eduki arren, orain artekoak bezalako neurriak hartzen jarraitzeko gomendatu zien.

Kutsatutako herritarrak izan arren egoera kontrolpean duten herriei, hala nola Txile, Australia eta Britainia Handia, honako gomendioa egin die OMEk: birusa detektatzen baino kutsatutakoei laguntza ematen jartzeko indarrak. Birusa oraindik agertu ez den tokietan, berriz, konfinamendua gomendatu du.

Lasaitasuna eskatu arren, birusaren zabalpena ezin dutela gelditu aitortu du OMEk. Horrez gain, industria farmazeutikoari txertoa lehenbailehen asma dezala eskatu dio. Baliteke, irailerako prest egotea.

Txerrien, hegaztien eta gizakien geneak ditu birusak eta oso azkar zabaltzen da gizakien artean. Oraingoz ez dago jakiterik zer-nolako mutazioa izango duen eta horrek adituak kezkatzen ditu. Hiltzeko arriskua %,01ekoa da.

Kutsatutako gehienak 25 urte baino gutxiago dituzte. Gripe arruntarekin ez bezala, egoera larrienak 30 eta 40 urtekoen artean eman dira.

buru-belarri

A/H1N1 birusaren kontrako txertoa ahalik eta azkarren aurkitzeko erlojuaren aurkako lasterketa hasi dute nazioarteko laborategiek etabotika-industriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo