GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

REAL UNION Bigarren Mailarako igoera fasea

Hasieratik bideratu behar da helburua Alcorconen aurka

Kanporaketa hau gainditzen badute, igo egingo dira gipuzkoarrak.

p041_f01_69373.jpg

Jon LEUNDA | IRUN

Heldu zaio Real Unioni aurten Bigarren Mailara igotzeko azkeneko aukera. Egoera orain dela hilabete bat zuten bera da, Cadizen aurkako kanporaketa hasi aitzinekoa alegia. Amesten duten igoera hori bi partidutara dute, baina alde handi bat ere bada oraingoan. Andaluziarrekin, kale egiten bazuten, bazuten beste aukera bat. Oraingoan, ordeak, kale egiten badute, ez dago beste aukerarik, eta igoerarik gabe geratuko dira.

Alcorconen aurka, han, Madrilen, arituko dira gaur, 20.15etatik aurrera. Irundarrak dira faboritoak, taldea ere hobea dute, baina sasoi bikainean datorren aurkaria izango dute, oso arriskutsua. Denboraldi amaiera zoragarria egin ostean sailkatu da igoera fase honetara. Gero, Sant Andreu, lehenengo, eta Alcoyano, ondoren, kanporatu, eta hemen dago, lehen aldiz Bigarren Mailara igotzeko prest.

Hala ere, azken kanporaketan zortea aldeko izan zuen; beraien entrenatzaileak ere onartu zuen Alcoyano baino gutxiago izan zirela bi partidetan, baina zortea alde izan zutela. Kontuak kontu, aurrera egin zuten eta horrek garbi uzten du futbolean gehiago izateak ez duela balio gero golik sartzen ez bada. Real Unionek kontuan izan beharko du.

Garbi dago kanporaketa honetan madrildarrek galtzeko ez dutela ezer. Behin tamaina honetara helduta, denek nahi dute igotzea, hori garbi dago, eta ezin da ukatu, baina haiek lortzen ez badute ere, denboraldi paregabea eginda amaituko dute sasoia, eta lasaitasun horrekin arituko dira.

Irundarrek ere orain arte denboraldi latza egin dute, baina hauei igotzeak beste ezerk ez die balio. Datorren asteburuan Bigarren Mailan ez baldin badaude, kolpe latza hartuko dute, eta orain arte egindako ezerk ez du balioko, ezta Real Madrid Kopatik kanporatu izanak ere.

Jokalari onak

Madrildarrek jokalari onak dituzte beren taldean, horietako batzuk, gainera, ezagunak dira euskaldunentzat, bertakoak baitira. Alberdi Realetik irtendako gizona da, eta irundarrekin aritutakoa ere bada. Nestor Susaeta era Realetik irtendakoa da, nahiz eta gero, Eibarren eta Athleticen ere ibilitakoa den.

Jokalari bikaina da bera, itxaropen handiak zeuden beregan, baina azken urte hauetan ez du mailarik eman. Aurten, ordea, gauzak aldatu dira, eta sekulako denboraldia egin du, bere jokorik onena berreskuratuz. Oso kontuan hartu beharreko jokalaria izango da. Hala ere, irundarrek, zeuden taldeak ikusita, garbi utzi zuten kanporaketa erabaki aurretik madrildarren aurka jokatzea nahiago zutela. Gaurko helburua golik ez hartzea da, eta nola ez, irabaztea, horrek bidea asko samurtuko bailuke.

Hamaikakoei dagokionean, honako hau izan daiteke Real Unionena: Otermin, Gabarain, Gurrutxaga, Berruet, Iglesias, Beobide, Eneko Romo, Salcedo, Quero, Juan Dominguez eta Goikoetxea.

Alcorconek zelairatu dezakeena, berriz, honako hau izango da: Raul, Tito, Hugo, Gomez, Barral, Alberdi, Iñigo, Sanz, Susaeta, Calvillo eta Cristian. Partida 20.15etan hasiko da, eta Euskal Telebistako lehen kateak zuzenean eskainiko du.

Jokalariek partida bakarrik dute buruan

Ez da aste erraza izan Real Unionentzat, gaurko partidaz baino beste gauza batzuez gehiago hitz egin baita. Izan ere, irundarren izenean hitz egin zuen norbait Cadiz taldeko jokalari bat erosten saiatu zela salatu du talde andaluziarrak. Hasierako esanetatik azkenekotara, ordea, gauzak asko aldatu dira, azkenean ez baitago zentzuzko frogarik. Gertatutakoak irundarren haserrea piztu du, eta azkenean prentsa ohar bat ere atera behar izan dute. «Badirudi, norbaitzuk gure izen ona zikindu nahi dutela, baina jokalariok eta gainerakook garbi dugu, lortu beharrekoa zelaian lortuko dugula», esan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo