GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Euskaltelen bidez ikus daiteke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Hamaika, Itzelezko pausoa egin duen telebista jaioberria

Krisialdia aukera garaia ere badela diote askok, ausardia behar dela jauzia egiteko. Horixe bera da Hamaika Telebistak egin duena. Otsailean, Bilbo, Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri eta Galdakao biltzen dituen barrutia hartu zuen platotzat eta, gaurtik aurrera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa osora hedatuko da Euskaltelen bidez.

A. BASAÑEZ

Deustuko Botika Zaharreko industria-pabiloi batean dago Hamaika Telebista, pelikuletan ikusten diren bihurgunez jositako pisu askotako garaje horietako baten aldaparen bukaeran. Bidearen iluntasuna argitasun bilakatzen da zuri eta berdez pintaturiko erredakziora iristean. Bilboko itsasadarreko iragan industrialeko aztarnak ikusten dira egun teknologia berrien gune bilakatu den talaia honetatik eta, bertatik, ikusle kopurua biderkatu, ekoizpen propioa areagotu eta konpromisoa sendotzen duen fase berri bati ekingo dio gaurtik aurrera Hamaika Telebistak. Izan ere, Euskaltelen bidez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa osora egingo du gaur jauzi telebistak.

Euskaltel, CMN, EHKE, EKT, Elkar eta Bainet TVrekin batera, Hamaika Telebistaren bultzatzailea da eta, ondorioz, operadoreko abonatuek automatikoki jasoko dute gaurtik aurrera Deustun egoitza duen telebistaren seinalea sistema digitalean, hamaikagarren kanalean gainera Bizkaian, Oiz mendiko inguruetan izan ezik. Lea-Artibai eta Busturialdean, 991 kanalean hartuko dute. Araba eta Gipuzkoa, berriz, 911n.

Orain dela hiru hilabete eskas kameren aurrean hasitako bidean urrats sendoa emango du beraz, «jendearen babesa eta kolaborazioa» jaso duen euskarazko komunikabide berri honek. Ibilbide bizi horretan frogatu, ikasi eta egin, dena aldi berean, egin dute erredakzioan.

«Orain hiru hilabete hasi genituen emankizunak eta emankizunekin batera hasi ginen dena martxan jartzen: jendea, tresneria, gaiak...», azaldu du Naroa Iturri erredaktore buruak.

Hedabide handi eta finkatu batean, ETBn, urtetan aritu ondoren, beste baten jaiotzean parte hartu du orain Iturrik. «Dena engranaje baten barruan dago ETBn eta horrek lana errazten du. Hamaikan Telebistan, berriz, ez dago ezer muntatuta, lan taldea berria da, telebistan eskarmentu handiegirik ez duena... Hala ere, guztia martxan jartzeko gogo izugarria du lan taldeak; probak etengabe egiten eta ikasten ari gara aldi berean», esan du.

Eta denetarik egin behar horretan, saio batetik bestera igarotzeko platoa bera ere aldatu behar da azkar-azkar -Guggenheim eta itsasadarreko irudiek babesten dute plato eroso eta atsegina-. Han eta hemen zertxobait aldatuta, asmamena zorroztuta, itxura zeharo ezberdina ematen diote leku berari.

Erritmo bizi horrekin, Bilbo, Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri eta Galdakao biltzen dituen barrutian aritu dira orain arte emisioak ematen -Barakaldo, Trapagaran eta Getxoko hainbat lekutan ere hartzen da emisioa-. Eskainitako programazioa, ekoizpen propioak -`Bat eta Bat' izeneko magazina- eta Tokiko Elkartetik jasotako programek osatzen dute.

Hemendik aurrera, Bizkaira, Gipuzkoara eta Arabara egindako saltoarekin batera, eskaintza ere handitu egingo dute eta goizeko zortzietatik gaueko hamabiak arte izango dira antenan.

Albisteak, gaurkotasunari lotutako elkarrizketa eta erreportajeak eta ostiralean ordubete pasatxoko Bilboko gaiak jorratzen dituen mahai-ingurua dira «Bat eta bat» magazina gorpuzten duten atalak.

Informazioa, kapsuletan

«Honi mikrosaioak, iraupen laburreko saioak, gehituko dizkiogu», iragarri du Fermin Munarriz programazio arduradunak. Bederatzi, lau, bost... minututako «kapsula» hauek ordu erdi osatzen dute, eta ekoizpen propioaz ari garenean esfortzu handia da hau. «Telebistak dena irentsi egiten du; makina bat da. Egin eta egin eta dena irensten du», zehaztu du Iturrik.

Gaurtik aurrera ikusi ahal izango diren «kapsula» hauetan hamaika esparrutako informazioa eskainiko da. Hala nola «Zaratakada» programan musikari buruzko berriak eskainiko dira eta talde bat izango dute bertan; ``Kulturzulo'' saioan liburuak eta diskoak gomendatuko dira; «Lua jantziz» saioan estilismoaz arituko dira; ``Eskuokin'' izena du etxeko lanak egiteko «kapsulak» eta ``Etxegozo'', interiorismoari buruzkoak. ``Kuleetxov efektua''k euskal zinemagileen film laburren berri ekarriko du eta zinemaz ere arituko dira ``Nontzefilmak'' eta ``Traveling''a. Astebururako agenda kulturala ``Skapa''n jorratuko dute.

Txikiei zuzendutako marrazki bizidunek emango diote hasiera parrilari goizeko zortzietan. Ordubete geroago zerbitzu programazioari irekiko zaio tartea, bertan eguraldiaren berri, dokumentalak eta GARA, «Berria» eta «Kazeta.info»ren azken berriak pasatuko dira eguerdira arte. Hortik aurrera protagonismoa hartuko duten errepikapenek arratsaldeko zazpi eta erdietan «programazio orijinalari» emango diote lekukoa, lehen aldiz eskaintzen denari. Hor hasiko dira marrazki bizidunak, Tokiko Elkarteko bi programa -euskaraz ari diren sei telebista daude eta programak ematen dizkiote elkarri. Hamaikak sare horretan parte hartzen du-, «Bat eta bat» magazina eta ordu erdiko mikrosaioekin. Asteburuetan, umeentzako marrazki bizidunek, eurentzako filmek eta Tokiko Elkartetik hartutako bost saiok osatzen dute parrilla.

Programa bereziak ere badaude, asteartetako pilotarena esaterako. «Bainetek grabatzen digu larunbatean jokatzen dena eta euskaraz ematen dugu asteartean, gaueko hamarretan, Josetxo Lizartzak ahotsa jarrita», azaldu du Munarrizek.

Jatorrizko bertsioan euskaraz azpititulatutako pelikula klasikoak emateko lanetan ari dira. «Con la muerte en los talones» eta «Sherezade», adibidez.

Hiru hilabete hauetan egindako bidean ezinbestekotzat jotzen dute jasotako laguntza, telebista berri honen ezaugarrietako bat parte hartzearena baita. «Jende askorekin bildu gara, proposamen mordoa entzun ditugu, elkarrizketa pila egin ditugu», azaldu du Naroa Iturri erredaktore buruak. Hartu-eman hauek ere nabarmendu egiten ditu Oskar Bilbao errealizadoreak.

«Gogo handia zegoen»

Harreman zuzen horien bidez laster baztertu zituzten, adibidez, elkarrizketen iraupenaren inguruan zituzten beldurrak. «Egungo telebista formulan elkarrizketa oso azkarrak ikusten dituzu. Gureak luzeak dira, hogei minutukoak. Beldur ginen hasieran, baina jendeak eskertu egin du», dio Iturrik.

Gai baten inguruan «arnasa hartzeko» parada emateak erantzun ona izan duela esan du. Lasai kontatzea nondik datorren, adibidez, elkarrizketatzen duten auzo elkartea.

Iturri da Hamaika Telebistako «aurpegia», berak egiten baititu aurkezle lanak. Barrezka dio ez diotela autograforik eskatu, baina bai nabaritu du «ezagun» bihurtzen ari dela Bilboko hainbat bazterretan.

«Euskal hiztunen artean euskarazko telebista sortzeko gogo handia zegoela nabaritzen duzu», adierazi du. Bere hitzei irudia emateko adibide argia jartzen du: «Tabernari batzuek Hamaika Telebista egun osoan dute jarria eta hori da egin ahal dizuten publizitaterik handiena».

Oraindik ez dakite zenbat ikus-entzule dituzten eta audientzien menpekotasun horretatik libre lan egiteak ematen dien askatasuna gogotsu eskertzen du errealiza- doreak. Baina zuzeneko harremanak ematen die, berriro ere, informazio zehatza. Iturrik kontatu duenez, berriak direnez, «aurkezpen gutun» baten antzekoa egin behar izan dute eguneroko informazio bila batera eta bestera deitzen dutenerako. «Askok ideiarik ere ez dute Hamaika zer den, baina gero, ez dakitenek ere, ilusioz hartu dute proiektu berria, euskarazko komunikabide berria», esan du Iturrik.

Nahikotxo izan dira ere Botika Zaharreko estudioetatik igaro direnak eta inpresio onarekin atera dira. «Garajetik igaro ostean ez da zaila», diote barrezka.

Baina honek ere badu glamour puntua eta New Yorkeko irudia, puntako hiriena, mahaigaineratzen da. Kirmen Uribek bertara joan zenean hiriburu hartan pabiloi zaharretan edo antzeko eraikinetan diziplina askotako profesionalek estudioak zabaldu dituztela esan zien. Hitzek irudi zertzeladak sortzen dituzte eta Botika Zaharreko garaje aldapako solairuetan dauden negozioen afitxekin bat egiten dute buruan. Aipatu glamour puntua.

«¿Por qué no vemos si tenemos antena? ¿Qué hay que hacer?»

Bilbo, Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri y Galdakao conforman la demarcación en la que emite desde febrero Hamaika Telebista y, por cuestiones orográficas, es posible ver esta cadena en Barakaldo, Trapagaran, parte de Getxo... Sin embargo no son pocas las personas que viviendo en estos municipios no pueden sintonizar Hamaika Telebista y preguntan «por qué no vemos si tenemos antena» y qué tienen qué hacer, cómo sintonizar la cadena.

Oskar Bilbao explica que si la antena se colocó antes del nacimiento de estas nuevas cadenas, hay que llamar a un antenista para que coloque un amplificador. Además de la antena es necesario contar con un aparato de TDT. Recuerda que nos encontramos a las puertas del «apagón analógico», que a partir de abril de 2010 -en algunas zonas de Euskal Herria se producirá antes-, si los aparatos de televisión de hace unos años no cuentan con un decodificado,r no se verá nada . A.B..

Hamaika

telebistako txokoan

GARAk telebistako kateei eta saioei eskaintzen dizkien orrietan etorriko da, bihartik aurrera, Hamaika Telebistaren programazioa.

kanal

ezberdinak

Euskalteleko abonatuek automatikoki hartuko dute sistema digitalean, 11. kanalean Bizkaian, Oiz mendiko inguruetan izan ezik. Lea-Artibai eta Busturian, 991 kanalean hartuko dute; Araba eta Gipuzkoan, 911n

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo