Josebe EGIA
Isiltasunak zer dakarren
Boluetan gertatutako bortxaketa ezagutzeak salaketa publikoa eta emakumeen aldarrikapenak eragin ditu, besteak beste, hiri eta herrietako udalek helarazitako eskaerak kontuan har ditzaten (adibidez, «puntu beltzak» direlakoak, hau da, dituzten ezaugarriengatik emakumeon segurtasunerako gune arriskutsutzat jotzen diren hiri eta herrietako zenbait gune, beltz izateari utz diezaioten esku har dezatela: argiztapen gehiagorekin, zaintzarekin...). Bestalde, bortxaketa orok bezala, batik bat, kezka eragin du. Kezka mota hori, ziur nago, ez da emakumeon ondare bakarrik; ama, arreba, alaba, bikotea, lankidea, laguna maite duenak, emakumeak errespetatzen dituen orok senti dezake. Hala ere, egia da emakumeok garela kezka zehatz eta beldurgarri horrekin hazten eta bizi garenak. Agian, berri izugarririk ez daukagun bitartean barneko kezka hori lo bezala gelditzen zaigu, eta baliteke ekintza mota horiek gure ingurune hurbilean jada apenas gertatzen direla sinestea ere.
Ez dena esaten, edo edozein dela ere bitartekoa, ez dena ezagutzera ematen, gertatu ez balitz bezalakoa baita. Ez dugu ikusten, bada, ez da gertatzen; ez dugu egunkarietan irakurtzen, bada, ez da... Baina barru-barruan badakigu gertatu gertatzen dela; emakumeonganako indarkeria, arrazismoa, xenofobia edo homofobia bezala, mundu honen ezaugarrietariko bat dela, mundu osoarena, herrialde batzuetan beste batzuetan baino basatiagoa eta, gainera, onartuagoa bada ere; emakumeonganako indarkeriak, XXI. mendean oraindik hitzetik hortzera, emakume guztiak biktima potentzial bihurtuta, emakume garen heinean. Hemen eta Afrikan, Hendaian eta Bogotan.
Barruan daramagun ziurtasun horrek, kasuren baten berri izaten dugun bakoitzean, are gehiago sexu-indarkeriaz ari bagara -bortxaketa da, ziur asko, haren adierazpenik jasangaitz eta ankerrena, intimitaterik sakonenean uzten duen min eta aztarnagatik, baina inola ere bakarra, ezta gogor zigortu beharko litzatekeen bakarra ere- bare egondako alarma piztu besterik ez du egiten, ezinegon, babes-neurri eta beldur forma hartuta. Eta horrekin bizitzera behartuta gaude: «puntu beltzak» ekiditera, ordu txikitan bakarrik ez ibiltzera, gizonen buru-estimua ez mintzera, zer janzten dugun kontuan hartzera, ez «probokatzera»... horrelako neurriak hemen, Mendebaldeko munduan; zeren gauden tokiaren arabera, sexu-indarkeria praktikatzen eta han-hemenka zabaltzen dutenak eta hauen biktima guztiak, beste forma, neurri edo lege batzuekin, edo lege ezarekin, bilduta egongo baitira.
Tokian tokiko bereizgarriekin, badago sexu-indarkeria jasan duten mundu osoko pertsona guztiek duten ezaugarri komun bat, eta, hain zuzen, indarkeria horren eragile edo babesle nagusia delakoan nago: salatzeko, ezagutzera emateko, epaiketa bat pasatzeko lotsa, beldurra, mina eta ezina. Honek dakarren isiltasun nahia.
Eta isiltasunak ez-izana. Horrek, ordea, izana areagotu besterik ez, horren eragileen babesa eta zigorgabetasuna areagotuta. Emakumeok biktima egiten gaituen sorgin-gurpila eraginda.