Ixabel Etxeberria Irakaslea
Autonomiaren bidean
Hauteskunde biharamuna, autonomiaren bidean. Bakoitzak emaitzak eta ondorioak atera ditu eta egoerak horretan jarraitzen du, alegia, Sarkozik argudio aski dauka hasitako erreformekin jarraitzeko. Bestalde, gure barrutiari doakionez, Alain Lamassourek Europako diputatu gisa postua gorde du eta dagoeneko ez da sorpresarik izango, hor dugu Euskal Herriari oparirik eginen ez dion politikari profesionala. Oro har, Europak liberalismoaren bidetik segituko du.
Tarte horretan Frantses estatuak, antolaketa aldetik, Balladur komisioaren bitartez, estatuaren erreformak eramateko bideak begiratzen ditu. Lehen ministro ohiak Sarkozyri aldaketak proposatu dizkio eta horretaz ordezkari politikoek debatea eramanen dute, eta seguru aski ondoko udazkenean bozka baten bidez erreforma bat erabakiko da. Erreforma horietan instituzio mailako aldaketak proposatzen dira. Lehen kopian Euskal Herria desagertzen zen. Ipar Euskal Herria kontratu batzuen bitartez oso maila apalean existitzen saiatzen zelarik Frantses estatuko antolaketan eta administrazio araudietan, hori ere desagertzea proposatzen zen. Ondorioz, tokiko hautetsiak, Lasserre jauna buru, Balladur jaunarekin bildu ziren, tokiko nortasuna defendatuz eta Ipar Euskal Herriaren presentzia agertzeko aitzinatuak ziren erreformen barnean. Harrigarria izan zen Lasserre jauna jarrera horretan agertzen ikustea, baina nonbait Ipar Euskal Herriaren interesak defendituak izan ziren eta abertzaleen aldarrikapenak ezagutuak.
Balladur komisioaren bigarren kopiak biltzar horren ondoriorik ez du ekartzen, bigarren honetan ere Euskal Herria desagertzen baita, konpetentzia anitz desagertzen diren bezala, instituzioak herritarrengandik urrunduz. Estatuaren erreformak Parisetik manatuak izaten dira, erritmo erregularrean, eta politikaren momentu inportanteak izaten dira. Une nagusia, ez bakarrik abertzaleentzat, biztanle guztientzat baizik, aldaketa horiek herritar guztiak ukituko baititu. Hala ere, guretzat aukera berezia da gure ahotsa entzunarazteko, gure eskakizunak aldarrikatzeko eta bertako beste indar politikoekin parekatzeko, eta behar bada batzuekin urrats komunaren bultzatzeko. Departamendua eskatu zen Iraultza Frantsesaren garaian, eta autonomia Bigarren Mundu Gerraren bukaeran. Ezetza eta ukapena heldu da aldi oro.
Abertzaleok askotan gure arteko lehian, gure artean irainka aritzeko nahiko azkarrak garela frogatu izan dugu, eta ez gara xehetasunetan hasiko. Unea proiektu bati buruz joateko, helburu komuna finkatzeko egokia bada, indar abertzaleen artean hitz egiteko, elkar entzuteko eta ulertzeko lanak ez dira errazak izanen. Alta, etxeko lanak ongi eraman eta, baliteke Parisen horien oihartzuna izatea. Anai-arreben arteko kalapitak besteekikoak baino askoz gaiztoagoak izaten direla badakigu, hori gainditzeko gai izan behar gara.
Gure artean kakotx bakoitza aztertzen hasiko garelarik, oroitu beharko gara MAM anderea AHTren inguruan jarrera guztiak defenditzen aritu dela, abertzale askoren inongo kritikarik gabe.
Orduan, lot gaitezen lanari, eskakizun komuna eramateko.