AAMk kezka agertu du Nafarroan eraso faxistak areagotu direla eta
GARA |
Urtea hasi denetik Nafarroan herri mugimenduetako eta ezker abertzaleko hainbat lagunen kontrako bederatzi «eraso faxista» zenbatu dituzte. Amnistiaren aldeko mugimenduak, eraso kopuruarekin arduratuta, sei hilabete hauetan pairatutako jazarpenei buruzko txostena osatu du.
Mota honetako erasoaldiak betidanik izan badira ere, egunotan oldarraldi hauen tamaina eta kopurua nabarmen areagotu da, izan ere, «heriotza mehatxuak» eta autoen kontrakoak ugaritu egin dira.
Hau guztia «errepresioa gero eta latzagoa» den honetan gertatzen ari dela adierazten du amnistiaren aldemo mugimenduak datu zehatzak biltzen dituen dokumentuan bertan.
Urtarrilean, Puerto de Santamariako kartzelan (Andaluzia) dauden preso politikoen familiak bisitan zihoazela, autobusaren hiru gurpil zulatu zizkieten aparkatuta zegoen bitartean. Egun bat lehenago, Guardia Zibilek ere autobusa geldiarazi eta miatu zuten.
Hurrengo hilabetean, otsailaren 1ean, Nafarroa bizirik 1512-2012-ren eskutik ekimen politikoa izan zen Amaiurren azken gudarien omenez. Monumentuan «pintada faxistak» agertu ziren eta Guardia Zibilak bertara heltzeko errepidean kontrol ugari jarri eta jende andana identifikatu zuen.
Martxoan, suzko lehergailu bana jarri zituzten Tuterako Herriko Tabernan eta Arguedaseko gaztetxean. Orain hilabete ere, «mehatxuzko pintadak» azaldu dira Lesakan eta Beran, gazte abertzaleen aurkako «heriotza mehatxuak» agertu dira Iturrama eta Arrosadiako hainbat paretetan, Baztango oroigarri antifrankistan «Falangearen aldeko pintadak» agertu dira eta Arrosadiako Alboka ostatuaren kristala apurtu zuten harri batekin.
Azkeneko jazarpena ere Arrosadian jazo da. Ahaztuak taldeko kide baten autoaren kontra eraso egin eta kalte handiak eragin zituzten -hiru gurpil zulatu, alde bateko ispilua eta haizetakoa apurtu eta karrozeria urratu zioten-.
Hain zuzen ere, Ahaztuak taldeak ekimena egin zuen larunbatean Nabaskozen gerrilla antifaxistak omentzeko. Ekitaldi hunkigarria «Internazionala» eta «Eusko Gudariak» abestuz bukatu eta herri bazkarira bildu ziren bertaratutakoak.