GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hunkigarria, Elizondon Kepa Arizmendi iheslariari emandako azken agurra

GARA |

Omenaldi hunkigarri batekin azken adioa eskaini zioten atzo bere sorterrian, Elizondon, joan den astelehenean Baionan zendu zen Kepa Arizmendi iheslari politikoari.

Arizmendiren senide eta hurbileko jende ugari gerturatu zen ekitaldira. Bertan ohorezko aurreskua eta mutil-dantza eskaini zizkioten, besteren artean. Herriko plazaren erdialdean iheslari politiko nafarraren argazkia eta errautsak jarri zituzten.

Bere etxetik hurbil, kalean zebilela, garuneko odol isuri bat jota hil zen. Arizmendik berrogeita hamar urte zituen eta iheslari politikoak urteak zeramatzan herritik ihes eginda, Lapurdiko hiriburuan.

Margolaria zen eta Ur taldeko kidea. Iazko uda partean, beste zenbait euskal artistarekin batera, Senpereko Larraldea etxean erakusketa batean parte hartu zuen.

Adeitasuna, ostegunetik

Heriotzaren berri jaso bezain pronto, ugariak izan dira Kepa Arizmendi iheslari politikoaren hurbilekoei eta senideei babesa eta adeitasuna helarazteko batean eta bestean izandako ekimenak.

Ostegunean, hilaren 11n, 400 lagun inguruk agurra egin zioten gorpuari Baionako beilatokian. Horren ondotik, Gipuzkoara abiatu ziren, Oreretara hain zuzen ere.

Oreretatik Elizondoraino auto karabanan joan ziren 300dik gora lagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo