KRONIKA Gipuzkoako eskola txikien jaia Berrobin
Txikiek beren handitasuna ospatu zuten tamaina bereko festarekin
Gogotsu, erakusteko asko dutelako; alai, jende mordoa bertaratu zelako; itxaropentsu, eskola osasuntsu dagoelako... Berrobiko San Andres eskolako ikasle, guraso, eta irakasleek txikitasunean handi direla erakutsi zuten atzo Gipuzkoako Eskola Txikien jaian.
Maider EIZMENDI
Berrobi Tolosaldeko herri txikia da, baina badu altxor handi bat, herriaren erdian kokatua eta oraindik berritasun distira galdu gabekoa, gainera. Itxura polita du kanpotik eta punta-puntako tresneria eta aurrerapenak batzen ditu barruan. Baina herritarrak hezten eta herria aberasten egiten duen lanagatik da batez ere estimatua. Atzo herrira bertaratutako bisitari guztiei altxorraren barrunbeak erakusten prest agertu ziren berrobitarrak, harro daudelako, altxorrak harrotu egiten dituelako... Gipuzkoako Eskola Txikien jaiaren erdigune bilakatu zen altxorra, San Andres eskolaren egoitza. Orain hiru urte zabaldu zituen ateak Berrobiko eskolaren egoitzak eta oraindik ere bertako ikasle, irakasle eta gurasoak irribarrea galdu gabe dute. «Egoitza berrira sartu ginen egun hura ez dugu berehalakoan ahaztuko», hala aitortu zuen eskolako zuzendari Agurne Renobalesek. Zer erakutsi asko zutela pentsatuta otu zitzaien XXII. Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia Berrobin egitea eta joan den urtean Zeraindarren eskutik jaso zuten lekukoa.
Ez da urte samurra izan, jaia hartzeko prestatu eta lotu beharrekoa asko baita; bidelagun asko topatu dituzte, ordea: gurasoak, ikasle ohiak, herritarrak. «Gaur -atzokogatik- guztira 200 bat lagun ari dira lanean jaian», ekarri zuen gogora Renobalesek. Auzolanean egin dute beharra, egunerokoan eskolaren martxak aurrera egin dezan lan egiten duten moduan, alegia. Izan ere, horixe da hain zuzen ere, Renobalesen iritzian, eskola txikiek duten aberastasunik handiena, «familia baten moduan egiten dugu lana, guztiak elkartuta eta goxotasun handiarekin». Adin ezberdinetako haurrak gela berean batzeari ere abantailak baino ez dizkio atzematen Renobalesek. «Txikienek handienengandik ikasten dute eta handienek txikienekin batera ikasten, familietan anai-arrebekin gertatzen den moduan».
Herriak ere eurekin bat egiten du, eskolak herriarentzat lan egiten duen moduan. «Herria bizirik mantentzen dugu, haurren soinu eta doinuekin aberasten dugu», nabarmendu du.
Horixe bera, jaiaren irekiera ofizialean mezu nagusia: «herria da gorputza, eskola bihotza», zioten, herri txikien etorkizuna eskola txikiaren baitan dagoela gogora ekartzearekin batera.
Jolaserako aukera ugari
Orotara, Gipuzkoan 27 eskola txiki daude eta guztien ordezkariak bildu ziren atzo Berrobin, ikasle, guraso eta irakasle mordoa. Herri gunera iristeko bi kilometro falta zirenean aparkalekuan -orain urte batzuk Guretxokoa dantzalekua zegoen tokian- autoa utzi eta autobusa hartu beharra zegoen. Guraso bat baino gehiago nostalgiak ere jo zuen. «Aspaldian ez zen horrenbeste beteko aparkalekua hau, garai batean bezala toperaino jarriko da gaur», bota zion aita batek besteari. Izan ere, goizeko hamar eta erdiak zirenerako, makina bat lagun bertaratuak ziren jaira, familian, guraso-koadrilan...
Iritsi bezain laster hasi ziren jolasak plaza inguruan jarritako hainbat txokotan eta laster batean abiatu ziren haurrak batera eta bestera. Txingekin lasterketan, dardoak jaurtitzen, kartoia eta botila tapekin autoak egiten... Txikienak bai, baina gurasoek ere gogotik saiatu behar izan zuten eskulangintza lanetan. Guztietan parte hartzeko aukera izan zezaten, txirrinak ematen zien abisua joko batetik bestera igarotzeko.
Gertu baita ere, gisa honetako jaietan hain estimatuak diren puzgarriak, eta alboan, berriz, zaldiak bultzatutako orgak, abaila bizian herriko kaleak zeharkatzeko.
Plazan, berriz, musika eta kantua nagusi, Euskaraokeak arrakasta izan zuen eta talde bat jaisterako bestea taula gainera igotzeko zain zegoen.
Goizeko jokoen ondotik bazkaria zegoen antolatuta herriko pilotalekuan, eta arratsalderako, berriz, seguru asko, eguneko ikuskizunik entzutetsuena zegoen iragarrita, Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunen emanaldia.
Goi maila erakutsi zuen Berrobiko eskola txikiak. Orain jaiaren antolaketa lanak Altzoko Imaz Bertsolaria eskolak abiatu beharko ditu, atzo lekukoa hartu baitzuen. Zortzi urtez itxita egon eta 1998an berriz ere ateak zabaldu zituen eskolak ondo baino hobeto islatzen du eskola txikien indarra eta kemena.