Irlandarrei iruzur nola egin pentsatuko dute Atzerri ministroek
Lisboako Itun Konstituzionalari ezezkoa eman zion Irlandako herriak, Europa eraikitzeko prozesua hankaz gora jartzeko. «Hanka-sartze» hura nola konpondu erabaki behar dute orain Europar Batasuneko agintariek. Horretarako, gaur elkartuko dira Atzerri ministroak.
GARA |
Europar Batasuneko estatuetako Atzerri ministroak Luxenburgon elkartuko dira gaur, datozen ostegunean eta ostiralean estatuburuek egin behar duten bilera prestatzeko. Aurreikusitako egitasmoa betez gero, estatuburuek egingo duten bilera horretatik aterako da EBko erakundeak berritzeko bidea.
Europako Parlamentu berria aukeratzeko hauteskundeak egin berriak direnez, Europako Batzorde berria hautatzeko bidea zabalik dago. Batzorde horri dagokio EBko politikak betearaztea. Estatuen ordezkarien arteko negozio batetik irteten da Batzorde hori, ez Parlamentutik.
Begiraleak bat datoz Jose Manuel Durao Barroso Batzordeko egungo presidentea bigarren legealdi baterako aukeratuko dutela esatean. Beste bost urte egingo lituzke portugesak karguan, hori betez gero. Edonola ere, izendapen horren egutegia erabaki gabe dago oraindik. Bestalde, Europako Parlamentuak bere oniritzia eman behar dio erabakiari.
Baina agintariek prestatutako bideari oztopo bat sortu zitzaion. Gobernuek 2007an adostu zuten Lisboako Itun Konstituzionala. Adostu... eta sinatu. Itun horrek ezartzen du Batzordeak nola funtzionatu behar duen, nola aukeratu behar diren karguak... Baina testua oraindik ez dago indarrean, Irlandako herriak orain urtebete egindako erreferendumean ezezkoa eman baitzion Itunari. Beraz, beste erreferendum bat egin beharko litzateke egoera bere onera ekartzeko, eta bigarren kontsulta horretan baiezkoak irabaztea.
Irlandaren neutraltasuna
Gaur Atzerri ministroek egingo duten bileran Irlandako Gobernuari zer eskaini eztabaidatuko dute, Dublineko Gobernuak beste kontsulta bat antolatuta baiezkoak irabaz dezan. Helburu teorikoa ez da testua bera aldatzea, horrek estatu guztiek Itunari baiezkoa emateko prozesua berriz zabaltzea eskatuko luke-eta. Irlandarrak lasaitzeko moduko bermeak eskaini behar dituzte ministroek, esaterako, herrialdearen neutraltasunari eutsiko zaiola eta zerga politika erakargarriari eutsi ahal izango zaiola (kanpo inbertsioak erakartzeko).
Berme horiek iazko abenduan erabaki zituzten agintariek. Orain adostu behar dute berme horiei zein itxura juridiko eman.
Bestalde, estatuburuek eta gobernuburuek egingo duten bileran krisi ekonomikoa ere aztertuko dute. Finantza entitateak zaintzeko sistema bakarra ezarri nahi du Europako Batzordeak, baina eztabaida oraindik zabalik dago eta ez dirudi berehala bukatuko denik.
Jose Manuel Durao Barroso portugesa da Europako Batzordeko egungo presidentea eta badirudi bera izango dela hurrengo agintaldikoa ere. Europako Parlamentuak bere oniritzia eman behar dio izendapenari.