GARA > Idatzia > > Ekonomia

Kutxako, BBK-ko eta Vital Kutxako lehendakariekin bilduko da gaur Patxi Lopez

Elkarrizketa sozialerako mahaia osatzeko asmoz, hainbat eragilerekin bildu da lehendakaria azken asteotan. Gaur aurrezki kutxekin du hitzordua, eta litekeena da kutxen fusio prozesua mahai gainean egotea.

p024_f01_097x140.jpg

GARA |

Patxi Lopez lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki kutxetako ordezkariekin bilduko da gaur azken asteotan ekindako bideari jarraituz. Lopez erkidegoko hainbat eragile ekonomiko eta sozialekin biltzen ari da, krisiari irtenbideak bilatzeko elkarrizketa sozialerako mahai bat osatzeko asmoz.

Lehendakariak hainbat bilkura egin ditu dagoeneko. Besteak beste, EAEko patronalekin izan da, baita hainbat enpresari elkarterekin. Sindikatuekin ere izan da, zehazki UGT, CCOO, ELA eta LAB taldeekin. Arlo politikoan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Aldundietako diputatu nagusiekin elkartu da Lopez, baita EUDEL Euskal Udalerrien Elkarteko ordezkariekin.

Lakuako Gobernuak guztiak inplikatu nahi ditu elkarrizketa prozesu honetan.

Lehendakariarekin, banaka

Gaur aurrezki kutxen lehendakarien eguna izango da. BBKko Xabier de Irala, Vital Kutxako Gregorio Rojo eta Kutxako Xabier Iturbe bilduko dira Lopezekin. Ez dira baina denak elkarrekin bilduko, banaka baizik. Gasteizen izango dira bilerak, goizean, Lakuako Gobernuko lehendakaritzaren egoitzan.

Arratsaldean, berriz, Bilbon izango da Lopez Euskadiko Kutxa taldeak «Euskal enpresaren hitzordua» lelopean Guggenheim museoan antolatu duen ekimenean.

Lakuako Gobernuko buru Patxi Lopezek azaldu duenez, azken asteotako bilkura hauekin elkarrizketa sozialerako mahaia osatzea du helburu. Zehatzago, mahaia martxan jartzeko bidea lantzea du xede.

Edonola ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kutxetako arduradunek lehendakariarekin jorratuko duten beste gai bat hiru finantza-entitateen fusio prozesua izango da. Duela hilabete batzuk Kutxaren eta Bilbao Bizkaia Kutxaren arteko batuketa bertan behera geratu zen, besteren artean Lopezen alderdiak kontrako jarrera azaldu zuelako, baina orain bera gobernuan dela, litekeena da beste saiakera bat egitea.

bilera ugari

Lehendakaritzara heldu zenetik, Patxi Lopez enpresariekin, sindikatuekin, EAJko Iñigo Urkullurekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin bildu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo