MOTOZIKLISMOA Kataluniako Sari Nagusia
Azken bihurgunean erabaki da Yamahakoen ikuskizuna
Valentino Rossi eta Jorge Lorenzo taldekideek sekulako lehia osatu zuten Montmelon.
GARA | MONTMELO
Irabazlea izateaz gain -atzo bere ibilbideko 99. garaipena eskuratu zuen Katalunian- lehia guztietan ikuskizun itzela ematen duelako da Valentino Rossi motorzale askoren gidari kutuna. Lehiatzeko era hori azken muturreraino eraman zuen atzo pilotu italiarrak eta Jorge Lorenzo espainiarrarekin sekulako buruz buruko lehia osatu ostean, azken bihurgunean kendu zion garaipena taldekideari.
Entrenamenduetan onena izan ostean, Jorge Lorenzo irten zen pole position-en eta lasterketa guztian agindu zuen, pixkanaka-pixkanaka aurkari ia guztiak -Doctorea ezin izan zuen garaitu- gurpiletik atera zituen arte. Yamahek hegan egin zuten atzo Montmeloko zirkuituan eta bi taldekideek zaleek urtetan gogoratuko duten lehia ziragarria osatu zuten, batez ere azken buelta ikusgarrian.
Italiarra azkenaurreko helmugako zuzenean aurreratu bazen ere, Mallorcakoak azken itzulian lasterketaren burua eskuratu zuen erabakiorra zirudien maniobrarekin. Motorraren indarrak parean zirela, ordea, gidariaren trebeziak erabaki zuen garaipena, munduko txapeldunak ederki itxaron zuen bere unea eta gazteak azken bihurgunean egindako akats txiki bat aprobetxatu zuen aurrea hartu eta garaipen bikain bat lortzeko, bere motorrean 46 zenbakia daraman arren, munduko onena nor den erakutsiz.
Garaipen honekin, Munduko Txapelketa gori-gorian dago, Rossi, Lorenzo eta atzo hirugarren izan zen Stoner-ek 106 puntu baitituzte.
Ospakizunak, azkarregi
125 zentimetro kubikoetan, Julian Simon espainiarrak sekulako akatsa egin zuen, garaipena behar aurretik ospatzeagatik. Oraindik bira bat falta zenean garailea bera zelakoan eskuak jasotzeagatik bosgarren bukatu zuen Efren Vazquezek amaitu ezin izan zuen lasterketa. 250 ean Alvaro Bautista liderrak oso erraz irabazi zuen.