GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira

Goiherrik bigarren txapela ere oso gertu dauka

p040_f02_74143.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goiherri A taldeak 640 kiloko txapela oso gertu dauka, herenegun arratsaldean bigarren jardunaldia ere irabazi ostean. Bitik bi saio bereganatu dituzte bizkaitarrek, eta jardunaldi bakar baten faltan denboraldi honetako bigarren txapela ere eskuetan dute.

Datorren asteburuan jokatuko da Maeztun pisu honetako azkeneko ekinaldia, eta oso zaila izango da inork berdeei garaipena kentzea. Goiherrik ezingo du irabazi, eta hirugarren postutik atzera atera beharko dute, eta gauzak dauden bezala, horrek ezinezkoa dirudi.

Bigarren jardunaldia Erandion bertan jokatu zen. Bizkaitarrek ez zuten hutsik egin beren zaleen aurrean, eta jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten. Ez zuten horretarako aparteko lanik egin beharrik izan gainera.

Bigarren postuan ere lehen jardunaldiko talde bera izan zen, Gaztedik eskuratu baitzuen. Lehen sailkatuekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta bigarren postu horri eusteko modua egin zuten.

Hortik atzera berdinketa ugari izan ziren lehendabiziko jardunaldian, baina oraingoan ez zen horrelakorik gertatu. Mutriku sailkatu zen hirugarren postuan.

Lehian ari den talde gipuzkoar bakarrak Goiherriko lehen taldearekin eta Gaztedirekin galdu egin zuen, baina beste hiru taldeak mendean hartu zituen, eta hirugarren postu horrekin ase geratu ziren, lan ona egin baitzuten.

Atzetik izan zen Areso. Nafarrek Goiherri B eta Getxo bakarrik hartu zituzten mendean, aurreko hirurekin galdu egin baitzituzten norgehiagokak, eta laugarren postuan amaitu zuten bigarren jardunaldi hau.

Bosgarren postuan Goiherriko bigarren taldea sailkatu zen. Berdeek Getxo bakarrik menderatu zuten, gainerako talde guztien aurka galduta. Azken postuan, beraz, Getxo sailkatu zen. Bizkaitarrek ez zuten tiraldi bakar bat ere irabazi, eta ezin izan zuten azkeneko postu horretatik ihes egin.

Bi jardunaldi jokatuta, sailkapen nagusia horrela geratu da: Goiherri A taldea dago lehen postuan 12 punturekin. Bigarren postuan Gaztedik jarraitzen du 10 punturekin. Hirugarren, Mutriku 7,5 punturekin. Laugarren Areso 6,5 punturekin. Bosgarren Goiherri B 4 punturekin. Eta azken postuan Getxo 2 punturekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo