Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketako finala
Txapela berreskuratu du Bergarak 41 urte luze eta gero
Historiako bigarren garaipena lortu zuten bergararrek atzo Donostian, Hernaniri 2 eta 1 irabazita.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan Bergarak bere lehen txapela -eta atzo arte bakarra- irabazi zuenetik urte mordoxka joan dira. 1968ko irailaren 29an, Bergara eta Urretxu aritu ziren elkarren kontra lehen edizioan eta, kasualitatez, atzo Donostiako Atano III.a pilotalekuan ikusle gisa zegoen Jokin Etxaniz pilotari ohiaren aitak -Miguel Etxaniz- lortu zuen garaipen hura Garitanorekin batera.
Atzoko finalari dagokionez, azken emaitza 2-1ekoa izan zen. Kadeteen partidan, Gallastegik eta Rezustak (Bergara) erraz menperatu zituzten Hernaniko Lujanbio eta Elorza (4-22).
Bigarren norgehiagokan, gazteetan, Hernani izan zen garaile, 22-8ko emaitza lortuta. Arrietak eta Aizpitartek osaturiko bikoteak oso estrategia garbia erabili zuen Donostiako pilotalekuan Rezustaren eta Irizarren aurrean: atzelari bergararra ahal bezainbat nekaraztea. Pentsatu, egin eta asmatu. Aipatzekoa da Arrieta hernaniarrak erakutsitako maila bikaina. Datozen urteetan kontuan hartzeko pilotaria izan daiteke.
Berdintasuna apurtuz
Gauzak horrela, argi zegoen nagusientzat izango zela garaipenaren zama. Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategi hernaniarrak, eta Eneko eta Ander Muguruza lehengusu bergararrak neurtu ziren azken partidan.
Bergarako aurrelariak -ETB-2ko `El Conquistador del fin del mundo' saioko azken edizioko parte hartzailea izan da- sekulako defentsa erakutsi zuen, eta atzelariak, aurrelaria izan arren, maila ederra eskaini zuen atzeko koadroetan.
Atanon bildutako jarraitzaile ugariek bultzada handia eman zieten pilotariei, eta finala amaitutakoan jai giroan jarraitu zuten elkarrekin egindako bazkarian, txapela etxean gordeta.