GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

ESKALADA Yosemite

Alex Honnold, «Salathe»ko ferraria

«Salathe» bidearen igoera azkarrena Tommy Caldwellek zeukan 16 ordurekin. Alex Honnoldek, honek ere eskalada librean, marka hori apurtu du: 8 ordu eta 30 minutu.

p044_f01_29344.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Yosemiteko Kapitain hormatzar historikoan oraindik ere asko eman dezaketen jarduerak daudela argi dago. Edo, bederen, Alex Honnoldek argi eta garbi utzi du. Eta, egia esan behar badugu, joan den maiatzaren 27an eginikoak ez gaitu ezustean harrapatu. 24 urteko eskalatzaile estatubatuar honek bosgarren martxa sartu eta «Salathe» bidea (VI, 5.13c edo 8a+) 8 ordu eta erdian eskalatu zuen era librean.

Eta, esan bezala, ez gaitu jokoz kanpo harrapatu, besteak beste, behin baino gehiagotan ekintza bikainak erdietsi dituelako. Gaztea da, bai, baina dagoeneko eskarmentu handia du. Era librean eskalatzea gustuko du, sokadan zein bakarka; hori «gutxienekoa» da, bere helburu nagusia eskalatzen dituen bideetan puntu gorria jartzea baita.

Adibide soil zein adierazgarri batzuk jarriko ditugu. Half Domeko «Regular» bidea (VI, 7b+, 23 luze) 2 ordu eta 50 minututan eskalatu zuen. Eta Kapitainen, Astroman eta Frerider marrak egun baten buruan kateatu zituen.

Oraingo honetan, Kapitain eta Half Domeko bide bana kateatu nahi zituen, baina ez du helburua erdietsi. Hori bai, «Salathe»n egindakoarekin pozik izango dela uste dugu.

Ziztu bizian

Honnoldek erabat garbi zeukan «Salathe»n egin behar zuena. Horretarako, gazte honek bidea hiruzpalau aldiz eskalatu zuen. Ziztu bizian eskalatu ahal izateko, marra zehatz mehatz ezagutzeaz gain, sokakide aproposa behar zuen. Eta horretarako Sean Leary fitxatu zuen. Azken honen zeregina: segurtasunaz arduratzea, petatea igotzea eta ensanblean eskalatzea. Hori bai, Honnold kideari denbora gehiago emateko, lan guztiak ahal bezain azkarren egin behar zituen.

Aitortu beharra dago, Honnoldek ez zuela arazo berezirik izan; gogorra, soilik bat. Jakina, hori headwall-en izan zen: «Paretan denbora asko eman nuen, batez ere pauso gogorrenak ondo aztertzen. Zati zailena gogorra da. Dena emanda zoaz, eta erraza da txikikeriaren batengatik huts egitea. Behar nuen denbora hartu nuen, eta ordu erdiko saioan headwall-a gainditu nuen. Zati hori ez dakit zerekin konparatu, besteak beste, nahiko berezia delako».

Honnoldek Tommy Caldwellen denbora (16 ordu) erabat suntsitu du: 8.30.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo