ESKALADA Yosemite
Ueli Steck, «Golden Gate» bidean bikain
Andoni ARABAOLAZA
Ueli Steck suitzarrari berdin dio alpinismo teknikoari, mendi garaiei, kirol eskaladari, hormatzarrei... gogor ematea. Guztietan ala guztietan ondo baino hobeto moldatzen da, eta Ameriketako Estatu Batuetara eginiko bidaian, beste behin, pareta luzeetan eta era librean bikaina dela erakutsi digu.
Bisita horretan eskaladako hainbat estilotan jardun du. Bitan batez ere: artesietan eta big-wallean.
Azken honetan, adibidez, oso berri pozgarria eman digu. Pioleta eta kranpoiak alde batera utzi, eta katu-oinekin Kapitaineko «Golden Gate» bidean (8a, 41 luze) eskalatzen ikusi dugu. Eta nola eskalatu gainera!
Gogor prestatu zen marra luze hori era librean eta bistaz sinatzeko. Eta erorketa «inozo» batengatik ezin izan zuen bere helburua guztiz lortu. Eta guztiz diogu, era librean igo zuelako baina, erorketa horregatik, ezin izan zuen bistaz guztiz eskalatu.
Zorte txarra suitzarrak izan zuena. 6c+ «erraz» batean erori zen. Leku heze batean irrist egin, eta ez zuen erronka guztiz betetzerik izan. Eta aipatu beharra dago, Steckek 7b eta 8a zailtasuneko hainbat luze bistaz gainditu zituela.
Hala ere, benetako espezialista izan ez arren, suitzarrak lan bikaina egin zuen «Golden Gate» bidean: «Niretzat Kapitain era librean eskalatzea ametsa zen. Zorte txarra izan nuen erorketa horrekin, baina, haatik, pozarren nago bide hori estilo horretan eskalatu dudalako».