Lorik gabeko gauarekin ametsetan aritu zen Bilbo
GARA | BILBO
Bilboren 709. urteurrenaren karietara, «Gau zuria» egin zen larunbat gauean hiriko kaleetan. Arratsaldeko zortzietatik goizaldeko 02.00etara gaubeilan egoteko gonbita egin zuten antolatzaileek, eta hiritarrek fidel erantzun zioten arteaz eta gauaz gozatzeko aukerari. 15.000 lagunek baino gehiagok gozatu zuten larunbat gauerako antolatu ziren ikuskizun, dantza, musika eta beste hainbat ekitaldirekin.
Ibilbide urbano bat zehaztuta, doako hogei ekintza baino gehiago aurkeztu zituzten Bilboko kaleetan. Ikuskizunez gain, baina, erakusketak ere izan ziren gaueko protagonista, eta haien artean ikusi ahal izan ziren «Low Cost Design» Bilbao Arten, eta Martin Guixeren «G&T GAT FOG», Zabalgune eraikinaren atarian. Horrez gain, publikoari zabalik egon ziren Vitraren miniaturazko erakusketa bat, Tomas Aliak Ceramica Colladorentzat egindako muntaia, hitzaldi, ikastaro, tailer, ikus-entzunezko eta beste hainbat ekitaldiz gainera.
Bombay Sapphire Design Circuit-eko antolatzaileak pozik agertu ziren jendeak emandako erantzunarekin.