GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Gipuzkoako abiadura finala

Joxe Gabirondok eta Arrate Garinek jantzi dituzte denboraldiko lehen txapelak

p038_f02_78142.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Joxe Gabirondok eta Arrate Garinek lortu zituzten herenegun Zizurkilen jokatu ziren Gipuzkoako segalarien abiadura finaleko txapelak. Mutiletan hamabi kirolari lehiatu ziren, eta bi besterik ez nesketan.

Gizonezkoek 100 metro karratu ebaki behar izan zituzten, eta emakumezkoek, berriz, 35 metro karratu. 200 ikusle inguru izan ziren saioa ikusten, eta belarra nahiko egoera onean zegoen. Lehiaketa hauetan abidurako probak izaten dira, baina ez bakarrik azkartasunekoak, hori txukuntasunarekin uztartu behar izaten da, eta belarra zenbat eta txukunago ebaki, zigor gutxiago izaten da.

Gizonezkoetan lehia handia izan zuten Joxe Gabirondok eta Juanjoxe Lizasok. Almitza elkarteak antolatzen duen txapelketan ere, iaz horrelaxe izan zuten, eta aurten ere tankeran ibiliko dira. Lehen txapela, ordea, Gaztelura joan zen. 4 minutu eta 13 segundo izan zen egin zuen denbora. Lizasok, aldiz 4 minutu eta 23 segundoko denbora egin zuen. Txapeldunari 8 segundoko zigorra sartu zioten, eta Asteasukoari, berriz, 20koa. Hirugarren postuan Bixente Mitxelenak amaitu zuen, 4 minutu eta 51 segundoko denbora eginda. Laugarren Goikoetxea sailkatu zen, eta berak 5 minutu eta 34 segundotan amaitu zituen lanak. Bosgarren Alkorta geratu zen, 5.39ko denborarekin.

Nesketan faboritoa Arrate Garin zen, eta ez zuen hutsik egin. 2.45 izan zen bere denbora eta 3.41, berriz, Gorostidirena. Lehenengoak lau segundoko zigorra jaso zuen, eta hamabikoa, berriz, bigarren sailkatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo