GARA > Idatzia > > Kultura

Mogelen «Peru Abarca»ren etenik gabeko irakurketa, Arriaga antzokian

GARA | BILBO

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko zortziak arte, «Klasikoen II. irakurraldia» izango da ostegunean Bilboko Arriaga antzokian. Euskal kultura, gizarte, ekonomia, politika eta kirol arloetan aritzen diren 400 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte Mogelen «Peru Abarca»ren irakurketan. 1802an idatzi zuen Mogelek bere lan nagusi bilakatu zena. Eleberri horren bidez, argi geratu zen euskal prosa, ohiko zuen erlijio erabileratik harantzago joan zitekeela. «Erregimen Zaharreko eta landa-munduko baserri-gizarte tradizionalaren defentsa egin zuen, Euskal Herria onera ekartzeko aukera bakar gisa».

«Helburua da euskara ikasle guztien ahalegina txalotzea, aintzat hartzea eta hizkuntza ezagutzeko erakutsi duten arduragatik haien aldeko omenalditxo bat egitea. Eta hori guztia, aldi berean, gure klasikoak ezagutaraziz eta irakurketa sustatuz», azaldu zuten antolatzaileek.

Kirmen Uribek irakurriko ditu testuaren lehenengo lerroak. Egitasmo honetako partaideak honakoak dira: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, EHU, Deustuko Unibertsitatea, UEU, Euskaltzaindia, Labayru Institutua, Gotzaitegia, ONCE, Metro Bilbao, EiTB, Bizkaia Irratia, Bilbao Musika, ekonomialari, abokatu eta ingeniarien lanbide elkarteak, sindikatuak, euskaltegiak, beste hezkuntza zentroak eta gizarte elkarteko ordezkariak, ostalariak, aktoreak, musikariak eta idazleak, beste askoren artean.

Mundu osoko Euskal Etxeek ere parte hartuko dute irakurraldi publiko honetan. Haien zatiak bideoan grabatu dira aurretik eta antzoki barruan nahiz kanpoan jarritako pantailetan ikusi ahal izango dira, zuzeneko irakurraldiekin batera. Ekimenari amaiera emateko, iluntzean erromeria izango da Arriaga plazan Bilbao Musika Udal Musika Eskolaren eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo