GARA > Idatzia > > Kultura

«Aires del desierto» dokumentalak Siriako kultur aberastasuna du aldarri

Gaur Bilboko Carmen aretoan eta etzi Gasteizko Ibañez de Matauco antzokian, Norma Vilak eta Michel Gascok zuzendu duten «Aires del Desierto» dokumentalak Siriako musikarien berri emango digu.

p043_f01_97x92.jpg

A. BILBAO | BILBO

Michel Gasco salamancarra Siriak eta bertako kultur aberastasunak txunditu zuen orain urte batzuk, arabiar musika ikasten ari zela laute bat erostera bertara jo zuenean. Eta horren ondorio da orain Norma Vila bilbotarrarekin batera aurkeztu berri duen «Aires del desierto, un viaje a través de Siria y sus músicas» dokumentala: jazz eta blues musikariak, beduinoen musika, drusiar folklorea eta Aleppoko andalustar moaxajak agertzen dituena, besteak beste.

Bertan, bikoteak iazko otsailetik eta urtebetez, Sirian zehar egindako bidaiaren emaitza agertzen dute, «musika eta musikari andana aurkitu eta gainezka egin baitzigun hasierako egitasmoak». Modu horretan, «arabiar munduaren beste aurpegi bat azaleratu nahi izan dute», eta «musika tradizionala ondo zaindu eta modernotasunez zipriztintzen duen» herri bat agertu.

Gainera, eta inguruko herrien bizimodua oso gogorra den arren, «Siriako gizarteak egonkortasuna du, oso eskuzabala da eta ez dauka turismo jasangaitzik», Gaskoren arabera.

Behin lana burututa, ezagutzera eman nahi dute orain, eta gaur Bilboko Fas zineklubean (El Carmen aretoan, 20.00etan) eta etzi Gasteizko Ibañez de Matauco antzokian (Hegoalde gizarte etxean, 19.30ean) aurkeztuko dute, Norma Vilak atera argazkien erakusketa eta Orontes Projectmusikari nahasketaren zuzenekoak lagunduta.

Orontes Project

Dokumentalaz gainera, Orontes Project taldea sortu dute Gascok (sokak) eta Vilak (perkusioak), hiru musikari siriar (Issa Fayad, arabiar lautea eta ahotsa; Roy Abdalnour, arrabita; Samar Manzour, ahotsa) eta Felix Kortazar (perkusioa) eta Manu Iturregi (alboka eta soinua) euskaldunekin batera, siriar, gaztelar eta euskal musika uztartuz. Taldeak Damaskoko operan jo izan du, eta orain, dokumentalaren aurkezpenetan jotzeaz gain, taldeak kontzertua emango du Bilboko Plaza Barrian, datorren ostiralean eta 21.00etan. Gero, etorkizunean ere egitasmoarekin jarraitu nahiko lukete, zuzenean jotzen jarraitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo