GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Inoren sufrimenduaren kontura itxurak egitea

Lander Fernandez preso ohi bilbotarra atxilotu eta kartzelatzeko agindua, 2007rako Huelvako espetxeko euskal preso batzuen ustezko ihes egiteko plana «idoro» duten asteburuaren ondoren, ETAren kontrako borrokaren eraginkortasunaren erakusgarritzat jo lezakete hedabide espainiarrak informazio iturri bakar dituzten herritarrek. Izan ere, Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabak nabarmendu zuen «kolpe psikologikoaz» gainera, Patxi Lopezek joan den astean aldarrikatu zuen norabidean, ezker abertzalearen aurka askoz gogorrago egiteko prest dauden irudia ere eman nahi dutela dirudi. Hain zuzen ere, Ertzaintzaren atxilotze agindu baten ondorioz atzeman zuen Polizia espainiarrak Hernandez Barajasko aireportuan, bi lagunekin Venezuelatik iritsi berria zela.

Alabaina, oso desberdin sumatzen dira gertakariak datu guztiak jakinda eta bertsio guztiak entzunda. Horretara egia, mistifikaziorik gabe, berez azaleratzen baita. Lander Fernandezek, Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelatzeko agindua emateko bezain arriskugarria denak, bizimodu normala egiten zuen Bilbon, Estatu frantziarrean bost urteko kartzela zigorra bete ondoren aske geratu zenetik. Areago, oraindik orain prentsaurreko bat eman zuen ustezko zenbait ertzainen jazarpena salatzeko. Haien jazarpena, bahiketa eta jipoia, baita eurekin elkarlanean aritzeko eskatu ziotela ere. Baina hori guztia ez zen intereseko albiste izan hedabide espainolen ustez. Hura ez zen Gobernu espainolaren, epaileen eta Ertzaintzaren ustez ikerketa gai. Horretan erakutsi ez zuten ardura, ordea, preso ohi bilbotarra atxilotu eta kartzelatzen erakutsi berri dute, presaka, nabarmen, hamarkada honen hasierako kale erasoren bat leporatuta.

Gasteizko Gobernu berriak ETAren kontrako borroka lehentasuna izango zuela iragarri zuen. Eta Lander Fernandez, polizia indarren jazarpena jendaurrean salatu berritan, presaka eta Ertzaintzaren lana nabarmenduz atxilotu eta kartzelatu dute, Gobernu horren lehentasunak ez direla hitz hutsak erakuste aldera, jende askoren sufrimenduaren kontura bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo