GARA > Idatzia > > Ekonomia

Estatu espainiarreko bankuek, egoera okertuta ere, ez dute galerarik izango

Estatu espainiarreko Banku Elkarteko idazkari nagusi Pedro Pablo Villasantek 2010. urtean bankuek ez dutela galerarik izango esan zuen atzo. Besteak beste, «kreditu kobraezin gehienak etxebizitza batek babesten dituenez» denborarekin dirua berreskuratzen dela esan zuen

p025_f01_199x096.jpg

GARA |

Estatu espainiarreko Bankuen Elkarteko idazkari nagusi Pedro Pablo Villasantek krisi egoera okertuta ere, 2010. urtean banku espainiarrek galerarik ez dutela izango adierazi zuen atzo. Era berean, Estatuko finantza sistemaren tamaina egokitzeko likidazioen ordez, fusioen aldeko jarrera babestu zuen.

2009. urteko lehen hiruhilekoan 4.052 milioi euroko irabazi garbia izan zuten Estatuko bankuek, 2008an baino %21,5 gutxiago, besteak beste, Villasantek azaldu zuenez, berankorta- sunari aurre egiteko horniduretara zuzendutako zenbatekoagatik. Finantza sisteman nagusi diren Santander eta BBVA taldeek 2.096 eta 1.238 milioi irabazi zituzten hurrenez hurren.

Datuek bankuen sektoreak «atzeraldi ekonomiko sakoneko» egoera konplexu batean bere jarduna kudeatzeko duen gaitasuna erakusten dute Villasanteren arabera. Gutxi barru etorriko den bankuen sektorearen berrantolaketa prozesuaren baitan, erakunde handienek ahulenak bereganatu ditzaten eskatu zuen beste behin ere. Berrantolaketa hori dela-eta itxi beharko liratekeen bulego kopuruaz ez zuen mintzatu nahi izan idazkari nagusiak, ezta zenbat langileri eragingo liekeen ere.

Datuei erreparatuz, hornikuntzak indartzeko eta aktiboen balio galtzeak sorturiko kalteei aurre egiteko, 4.135 milioi baliatu zituzten bankuek, 2008an baino %68 gehiago. Villasantek azaldu zuenez, %2,95era heldu den berankortasunari aurre egiteko hartu dute neurri hau bankuek.

Berankortasunaren inguruan, elkarteko idazkari nagusiaren hitzetan, «historiak frogatu du arriskuak ondo aztertu dituen banku txikizkari batean, denborarekin berreskuratu egiten direla atzeratutako ordainketak», besteak beste, «kreditu kobraezin gehienak etxebizitza batek babesten dituelako», eta honek dirua berreskuratzea ziurtatzen duela.

Bestalde, bankuek 1.342 milioi euro bideratu zituzten kredituetara lehen hiruhilekoan. Kaudimen maila oso ona izan zela adierazi zuen Villasantek, baita banku bakoitzaren bitartekoen zenbatekoa ere. Ustiapen jarduerak %13,8 egin zuen behera, jaso beharreko ordainketen atzerapenaren igoerari aurre egiteko 4.135 milioi bideratu ostean eta komisioek %12,3 egin zuten atzera.

Internet bidezko bankuak

Estatu espainiarrean Internet bidez lan egiten duten bost banku daude. Talde hauen irabazia 5,95 milioi eurokoa izan zen lehen hiruhilekoan, iaz baino %45,41 gutxiago. Bancopopular-ek %1.150 handitu zuen bere irabazia, 4,26 milioi lortuta. Inversis-ek, berriz, %101,40 igo eta 940.000 euro eskuratu zituen.

4.052 milioi euro

Estatu espainiarreko bankuek 4.000 milioi baino gehiagoko irabazi garbia lortu zuten urteko lehen hiruhilekoan. Santanderrek 2.000 milioitik gora eta BBVAk 1.238. Internet bidez lan egiten duten bankuek, berriz, 5,95 milioi euro eskuratu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo