GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

PORLAND SAN ANTONIO Datorren denboraldiko aurrekontua heren bat jaitsiko da

Belaustegi eta Alvarez fitxatu ditu talde iruindarrak, baina Jorgensen Danimarkako AG Handballera joango da

GARA | IRUÑEA

Portland San Antonio datorren denboraldia prestatzen hasi da dagoeneko. Miguel Galarraga taldeko presidenteak aipatu zuenez, ezker hegaleko Belaustegi eta Victor Alvarez erdilaria fitxatu ditu talde nafarrak.

Naturhouse taldetik datorren Belaustegik 30 urte ditu eta 1,95 metro neurtzen du. Datozen hiru denboraldietarako fitxatu du Portlandek eta Bartzelonan, Valladoliden, Ademarren, Hanburgon eta Ciudad Realen aritu da jokatzen. Hainbat titulu lortu ditu bere ibilbide profesionalean: lau Europako Kopa, lau Asobal Liga, lau Europako Superkopa, EHF Kopa bat eta hiru Errege Kopa, besteak beste.

«Ezker jokalaririk onenetariko izendatu dute nazio eta nazioarte mailan, eta maila hori eskuratu behar du berriro», adierazi zuen taldeko entrenatzaile Chechu Villaldeak.

Jokalaria, aldiz, pozik agertu zen Portlandekin fitxatzeagatik: «Nire karrerako erronka berri bat da. Historikoki oso garrantzitsua zen talde batera etorri nahi nuen, etxetik oso gertu daukat eta proposatu zidatenean ez nuen dudarik izan».

Victor Alvarez, aldiz, CAI Aragonetik dator, 1,88 metro neurtzen du, eta Ademar eta Altea taldeetan aritu da. Villaldeak ondo ezagutzen du jokalari hau: «Duela zazpi urte entrenatu nuen. Todoterreno bat da, edozein postutan eraso eta defendatu dezake».

Aurrekontuaren jaitsiera

Aipatutako fitxaketez gain, Gedeon Guardiola, Eloy Gonzalez eta Alberto Agirrezabalaga jokalariek ere Portland San Antonion jokatuko dutela adierazi zuen Villaldeak.

Beste alde batetik, Lars Jorgensen 31 urteko hegaleko jokalari danimarkarrak -Jakobsen, Vugrinec, Kjelling, Juancho Perez eta Svensson bezala- talde nafarra utziko du Danimarkako AG Handball taldearekin fitxatzeko. Honen arrazoia neurri handi batean, taldearen egoera ekonomikoa da, aurrekontua heren bat jaitsiko baita.

Hala ere, «bi atezain -atzerritarrak ziur aski- eta beste bi jokalari» bilatzen ari direla adierazi zuen Villaldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo