GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantea

Ezker abertzalea

Kalean dagoen eztabaidari erantzuna ematen, baina aldi berean beste batzuek izan dezaketen iritzia errespetatuz -aitortzen duenez «nork bere burua nahi duen bezala definitu dezake, eta kito»-, Tasio Erkiziak ezker abertzalearen ezaugarritzea egiten du artikulu honetan. Hiru dira, nagusiki, berak mugimendu politiko zabal honi topatzen dizkion ezaugarriak: burujabetzaren defentsa tinkoa; demokraziaren kontzeptu sakon eta herritarra eta, azkenik, inperialismoaren eta kapitalismoaren aurkako jokabide errebeldea. Honekin batera, eztabaida hau ez dela teorikoa nabarmentzen du, praktika politikoan erakutsi behar baita hitzez esaten dena, horregatik ondorio latzak jasan behar badira ere.

Badirudi modan jarri zaigula zenbait politikariren artean beren buruak ezker abertzale, independentista edo ezkertzale gisara aurkezteko ohitura. Eta nork ukatuko die halakoei eskubide hori? Ni behintzat, aitortzen dut, ez naiz nor hori baieztatzeko edo ezeztatzeko, eta, askoz gutxiago, izen hori erabiltzeko zilegitasuna inori aitortzeko edota ukatzeko. Esan ere, norberaren izaeraz eta pentsaeraz zer esan dezake beste norbaitek? Beraz, nork bere burua nahi duen bezala definitu dezake, eta kito.

Baina, jakina, bizitza publikoan dihardutenek, bizimoduan izan ohi duten praktika edonoren irizpide izan daitekeenez gero, beren buruak modu batera edo bestera izendatu arren, bistan da guztiek ez dutela sinesgarritasun berbera. Edonork nahi duena pentsa dezake, baina maizegi praktikak begi-bistan uzten du izenetik izanera bide luzea dagoela. Eta, gainera, susmagarria bilakatzen da norbait bere burua ezker abertzaletzat definitzeko orduan besteak deskalifikatzen saiatzen denean edota norbera zein den aditzera emateko adjektibo gehiegi erabili beharra izaten denean.

«Ezker» eta «abertzale» hitzek oso esanahi zabala dute. Maila, neurri eta era askotara uler daiteke berba horiek diotena. Azken 40-50 urte hauetan hitz horiekin ezagutu den indar politikoa alderdi bat baino askoz zabalagoa izan da; nik esango nuke mugimendu herritar zabala izan dela. Gure militantzia herri erakunde zein sigla politiko ezberdinetan murgilduta bizi izan dugun askorentzat «ezker abertzalea» marka, esparru sozio-politiko zabala adierazten duen izen generikoa da.

Dena den, iritziak iritzi, eta guztien usteak errespetagarriak izan arren, ez dago ukatzerik historian zehar ezker abertzale gisara ezagutu den mugimendu politikoak izaera eta berezitasun propioak izan dituela. Mugimendu zabala izan da, baina ardatz politiko jakin batzuetan oinarritutakoa. Eta izenak, helburutzat, teorian behintzat, izana adieraztea duenez gero, normala litzateke gure burua definitzean eguneroko praktika eta izenaren edukia ahalik eta uztartuen izatea, eskizofrenia antzu eta hutsala elikatu nahi ez badugu, behintzat.

Eta zeintzuk dira ildo politiko horren berezitasunak? Nola deskribatuko genuke izen horrekin urteetan lotu izan dugun jarduera politikoa? Modu zabalean, bederen, beharrezkoa deritzot eraman den ildo politikoaren zenbait ardatz bereizgarri aipatzea, halabeharrez soilik batzuetara mugatuko banatzaizue ere:

Lehenik,Euskal Herriaren burujabetzaren defentsan erakutsi duen tinkotasuna. Asimilazioaren aurka, naziotasunaren oinarritzat dugun nortasun propioaren aldarrikapena izan du ikurra eta bereizgarria. Teorian, alderdi abertzale guztiak egon daitezke ados definizio horretan, baina ezker abertzalearen ekarpen handiena eguneroko praktikan izan duen koherentzian datza. Horrela, frankismoren erreforma planteatu zenean, zeinean Konstituzioa eta autonomia estatutuen bidez gure herriaren zatiketa eta menpekotasuna legeztatzen zuten, abertzale deitzen ziren batzuek bide errazena hartu zuten, hots , Espainiako Estatuak proposatzen zien Euskal Herriaren asimilazio prozesua onartzea. Aldiz, lehen eta orain,ezker abertzalearen bereizgarritasunik nabarmenena burujabetzaren defentsa sutsua egitea eta morrontza bideei uko egitea izan da. Hain zuzen ere, Konstituzioa eta beraren oinarritik sorturiko Autonomia Estatutua eta Amejoramendua errotik arbuiatzea, horien ordez Euskal Herriaren eskubideak errespetatuko lituzkeen eszenatoki demokratikoa defendatuz, Autodeterminazioa eta lurraldetasuna demokraziaren ezinbesteko oinarritzat bihurtuz.

Bestetik, ezker abertzalea, herritarren protagonismoaren bultzatzaile izan da. Egungo sistema parlamentarioa burgeseriaren iraultzan oinarritzen da, eta bistakoa denez, ez du helburutzat langileriaren aitzindaritza bermatzea. Burgesiak ez zuen iraultza egin etorkizuna herritarrengan uzteko asmoz, klase pribilegiatu batzuek herritarrak hobeki kontrolatzeko baizik. Alderdi politikoak eta sindikatuak onartu zituzten, baina beti ere neurri handi batean beraien kontrolpean mantenduz. Ezker abertzalea sisteman integratzen behin eta berriro saiatu izan dira, baina tinko dirau «sasidemokraziari» uko eginaz, eta herritarren antolamendu soziala eta kulturala bultzatuz.

Dinamika horren ondorioetariko bat instituzio eta gizarte lana uztartzean datza. Alderdi gehienen joera beraien jarduera hauteskunde kanpainara eta instituzioetako lanera mugatzea izan ohi da; ezker abertzalearena, aldiz, herritarren protagonismoa sustatzeko asmoz mugimendu sozialetan parte-hartzea bultzatzea eta arazo guztien aurrean herritarrak eragile aktiboak bihurtzea da.

Hirugarren berezitasuna, sistema kapitalistaren eta inperioen aurrean errebeldeak izatea da. Langileen esplotazioan eta naturaren neurri gabeko ustiaketan oinarrituriko sistema ekonomiko eta politikoaren errotiko eraldaketa defendatzen duen mugimendu politikoa. Jakina, ez da beti koherentea izan, baina sistemak asimilatzea lortu ez duen mugimendua da. Eta, dudarik gabe, hainbeste urte borrokan daroan mugimendu batentzat oso adierazgarria eta esanguratsua da berezitasun hau bizi-bizirik mantentzea gaur ere.

Horren guztiaren ondorioa da, besteak beste, borroka armatua publikoki ez salatzeko joera ere. Badira salatzea egokiagoa dela defendatzen duten batzuk ere. Baina gehienak, borroka armatuaren jarduera egokitzat ikusi ez arren, eta areago, barne mailan kritikatu eta fase hori gainditu beharra planteatu arren, ez dute egokitzat jotzen kondenaren bidea, hain zuzen ere, sistemari jokoa egiten zaiolako. Egungo egoeran, errazena ETAren ekintzak gogorki salatzea da. Baina, askoren iritziz, iraultzaileagoa eta egokiagoa da gatazka gainditzeko konpromiso «serioa» hartu, eta bitartekoak jartzen saiatzea. Izan ere, sakoneko galdera honakoa baita: zer aurreratzen da salaketa sistematikoan eroriz, eta herri hau suntsitu nahi dutenekin bat eginaz?

Jakina da, eta hala ikusia da urte luzeetan gainera, ezker abertzaleak larrutik ordaintzen du sistemari hortzak erakusteko duen ausardia. Ez al da hori ere, zoritxarrez, bereizten gaituen beste adierazgarri bat? Batzuek sufritzen dugun errepresio latza borroka armatuaren ondorioa dela uste izan arren, historiak argi erakusten digu ez dela egia osoa. Estatuek Euskal Herriaren burujabetasuna eta erabakitzeko eskubidea koherenteki defendatzen dugulako zigortzen gaituzte.

Hauexek dira ezker abertzalearen zenbait bereizgarri, lehengoak zein oraingoak. Norberak ikusi behar ditu izanaren eta izenaren arteko loturak eta desloturak. Bakoitzaren esku da, norberarengan dagoelako eguneroko praktika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo