Kobetamendiko zelaiak prest dira etzitik aurrera heavy andanaren erasoa jasotzeko
Etzi hasi eta etzidamu bukatu, Kobetasonik jaialdia jasoko du Kobetamendiko belardiko jai eremuak. Gauzak horrela, prest da dagoeneko milaka musikazale hartuko dituen guneko azpiegitura osoa.
A. BILBAO | BILBO
Bilboko Kobetamendi prest da asteburu honetan Kobetasonik jaialdiko soinuak entzuteko. Azpiegiturari dagokionez, lanean ari dira bihartik aurrera dena prest egon dadin eta bigarren edizio honetarako hobekuntza batzuk ere iragarri dituzte.
Aurten, autokarabanentzako aparkalekua atondu du Bilboko Udalak Kobetamendin, eta jaialdia dela-eta, bertan egokitu dute kanpin zaleentzako gunea. Gainera, eta oinez igotzera animatzen direnentzat, espaloiak egokitu dira jai gunera errepide ertzetik gerturatzeko. Eta behin kontzertu gunean, porlan gainean eraiki dira agertokiak eta lurra berdindu da ikus-entzuleak jasoko dituen lursailean.
Iaz egin zuten gisara, Kobetamendirako ibilgailuentzako sarrera bihar itxiko dute (Basurtu-Kastrexana errepideko bidegurutzetik Kobetamendiko garagardotegiraino), 15.00etatik aurrera, eta hortik aurrera autobusez edo taxiz baino ezingo da bertara iritsi igande eguerdira arte, bertako bizilaguna izan ezean.
Behin bideak itxita, eta iaz bezala, doako 36 autobus jarriko dira musika zaleak etenik gabe bertaratzeko, Barakaldoko BEC (Ansio metro geltoki ondotik) eta Bilboko erakustazoka zaharra zegoen tokitik (San Mames futbol-zelaiaren atzean, Pitxitxi kalean). Hala ere, Kobetamendira 19.30 baino lehen igotzeko aholkatu du antolakuntzak, ordu horretatik aurrera autobusak Beyena parean geldituko direlako (jai eremutik 800 metro eta oinez hamar minutura) eta jendea pixkanaka heldu eta pilaketak gerta ez daitezen. Autobusak, bihar, 18.00etan, jarriko dira martxan, kanpalekua zabalduko baitute ordurako, eta kotxea aparkatu nahi duenak Barakaldoko BECen izango du aukera, 3.500 toki egokituko baitira.
Beste aukera bat -iaz jende ugarik erabili zuena- oinez igotzea da, bidea argi seinalatua baitago Termibusetik Kobetamendiraino (25 minutuko txangoa, maldan gora).
Kanpatzeko eremua
Jai eremuak 14.00etan irekiko ditu ateak ostiralean zein larunbatean, eta anbulantzia zein mediku postuak ere izango dira.
Kobetasonikek 90.000 metro koadro hartuko ditu aurten, eta horietatik 30.000 bost mila lagun ingururentzako kanpaleku gisa egokitu dituzte. Eremu hori ostegun arrastian irekiko da, eta igandeko ordu biak arte izango da zabalik. Bilboko Udalak gunea autokarabanentzako egokitu ostean, bertaratutakoek ura eta argindarra eskura izango dituzte.
Bihar Kobetamendirako sarrera itxia izango dute ibilgailuek. Gainera, jendea jai eremura 19.30 baino lehen hel dadin gomendatu dute, jende pilaketarik izan ez dadin.
Data: Ekainak 19 eta 20. Lekua: Kobetamendi (Bilbo).
Ordua: Ate irekiera 14.00etan.
Sarrera: Egunekoak 50 euro. Bi eguneko bonoa, 95 euro.