Laura Mintegi idazlea
Emazteen legea, gizonen fabore
Emakume sufragistek botoa eskatu eta 100 urtera aurrerapen galanta egin da emakumeen eskubide zibilei dagokiela. Gure amek ezin zuten bankutik dirua atera senarrak sinatu gabe, eta egun emakumeek autonomia ekonomiko dezentea dute, lan mundura sartu heinean.
Emakumearen bazterketa ezabatzeko asmatu ziren legeak, ordea, emakumeen kaltetan aplika daitezke egun, legearen espirituari baino legearen letrari begiratzen zaionean. Bi adibide xume.
Berdintasunaren Legeak dio hauteskunde zerrendetan gizon-emakumeak jarri behar direla postu alternoetan, gizon beste emakume bermatzeko. Gure unibertsitatean atzera bota zen klaustrorako hautagaitza, hautagai guztiak emakumeak zirelako. Ezin aurkeztu hauteskundeetara zerrenda aldatu ezean. «Emazte fabore» egindako araua «emazte kalte» bihurtu zuen legearen irakurketa estuak.
Bigarren adibidea maltzurragoa da. Familia epaitegietan gero eta gehiago dira emazte ohiari pentsio konpentsatzailea eskatzen dieten gizonezkoak. Krisi garaian malgutasun txikiagoa dute beste lanpostu bat lortzeko. Emakumeek, ordea, lan eskasaz eta soldata txikiaz aurrera ateratzen dute etxea. Bikotea apurtzen denean gizonak pentsioa eskatzen dio, garai bateko etxekoandreak babesteko sortu ziren legeak aplikaraziz.
Etxekoandre haiek dozena erdi bat umez erditu ziren, ez zuten ikasteko aukerarik, gau eta egun egin zuten lan etxean, full time, 30 egunez 12 hilabetez, senarrak jarrita zeuden artean. Gizon «etxekoandretu» hauek ez dute egiten emakume haiek egiten zutenaren erdiaren erdia, baina haien legeaz baliatzen dira emazte ohiari pentsioa eskatzeko, alde ahula eurak direla esanda. Sufragistek ez zuten sinetsiko.