GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Ez jakiteko eskubidea?

Gakoa ez da zein hizkuntzaz mintzatu, gakoa Estatuaren esku- hartzeak ezartzen duen hizkuntza politika da

Ba al dago euskaraz ez jakiteko eskubidea Euskal Herrian? Eta gaztelania ez jakiteko Espainian? Eta frantsesa Frantzian? Zergatik azken bi kasuotan pentsaezina dena «eskubide» gisa aurkezten digute gurean? Hori baita, eta ez besterik, gurasoek seme-alaben hizkuntza heziketa aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen dutenean, jende horrek atzean gordetzen duen mezua; hau da, Euskal Herrian gaztelaniaz edo frantsesez soilik bizitzeko eskubidea badela, baina ez, inola ere ez, hizkuntza horiek jakin gabe bizitzekoa.

Demagun arabiar komunitate batek beren seme-alabak arabieraz hezteko eskubidea aldarrikatzen duela Espainian. Garbi esateko, arabiarrek eskubide hori aldarrikatzeko beste hainbatek adina arrazoi edo gehiago badute. Arabiarrak penintsulan ehunka urte bizi izanak eta garai hartako gizarte-garapenean aitzindari izanak horretarako bide eta eskubide ematen baitie. Nola erantzungo lukete, ordea, espainiarrek? Nago moderatuenek ere zera esango luketela: eurek bere hizkuntzari eutsi nahi badiote horrela egin dezatela, baina Espainiako hizkuntza ofiziala derrigor jakin beharko dutela, espainiarren eskubidea baino gehiago betebeharra delako. Zer diote horiek beroriek, ordea, Euskal Herrian euskara jakiteko eskubideaz?

Iraingarria da entzutea ikastetxe bakoitzak aukeratuko duela euskararen inplementazioa zentroan eta, horretarako, kontuan hartuko dela tokian tokiko egoera soziolinguistikoa. Alegia, Madrileko auzoren batean arabiera hiztunak gehiengoa badira, arabieraz emango dela eskola eta gaztelania aukerako ikasgaia izango dela. Ez, ezta? Munduan inon ez zaie aitortzen herritarrei bertako hizkuntza ez jakiteko eskubiderik. Ez, ezta? Beraz, gakoa ez da zein hizkuntzaz mintzatu, gakoa Estatuaren esku-hartzeak ezartzen duen hizkuntza politika da. Arerioa ez da gaztelania edo frantsesa, arerioa hizkuntza hori inposatu eta tokian tokikoenari muzin egiten dien agintaritza baizik.

Nik ez dakit, Ibarretxek esan zuen bezala, Komunitate Autonomoan aurreko agintaldian onartutako «erabakitzeko eskubidea gure gizartean geratzeko etorri» den, baina, jakin badakit orain EAEn ez duela hirukoak agintzen eta agintzera etorri direnak, PP-PSOE, luzaroan geratzeko asmoan direla. Euskalgintzara itzuliz, nabarmena da instituzioen eginbidean jokabide aldaketa etorriko dela, eta nabarmena da ondorioz euskaltzaleok Administrazioarekiko estrategiak berraztertu egin beharko ditugula. Bihoa honakoa adibide gisa. Hizkuntzaren erabileran administrazio publikoaren mendeko erakundeek tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar badute, zer dela eta Espainiako irrati-telebistek ez dute tutik ere egiten euskaraz EAEn eta Nafarroa Garaian emititzen dutenean? Aurreko hirukoari ez zekiokeen ezer eskatu, hedabide horiek ez baitira haien mendeko, baina oraingo bikoari bai, eurenak baitira. Aldaketa nabarmena da eta euskaltzaleok ere nabarmen aldatu beharko dugu jokaera; hau da, euskara ez jakiteko «eskubidea» aldarrikatzen dutenen aurrean, gure herrian, eta bizitzaren arlo guztietan, euskaraz aritzeko eskubidea exijitu, exijitu, exijitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo