GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Gatazka? Ze gatazka?

Gatazkarik ez badago, zertarako behar dute «bake heziketa» delakoa? Bakea gatazkarik eza bada, terminologia aldaketa soilarekin lortu egin dute. Edo akaso terminologia aldrebestu horri esker, bakeak beste zerbait esan nahi ote du?

Patxi Lopez «Euskadiri» buelta ematen ari da. Zer edo zertan arrazoia eman behar badiot gizonari, horretantxe egingo dut. Hala ere, buelta horren nondik norakoetan pare bat zehaztapen: ez da buelta originala, beste batzuek aspalditik eginda daukatelako, eta buelta hori ez da goitik beherakoa, ezta aurretik atzerakoa ere, egia bihurtuta ikusi nahiko lukeen ilusionismo hutsa baizik. Horrelaxe hasi zuen agintaldia -espero dut bere tranpa sinistu ez izana- eta ematen du horrelaxe jarraituko duela pausoz pauso. Magoek egiten dituzten trukuen gisako zerbait da: «Eiffel dorrea desagerraraziko dut» iragarri eta voilà, Eiffel dorrea ikusleen bistatik desagertu da, nahiz eta jakin dorreak bertan dirauela, zerbaitek estalita egon behar dela derrigorrez... Horrelaxe ahalegintzen dira egiten ekialde eta mendebalde, hego eta ipar, Euskal Herriarekin. Hori berez umeek egiten dutena da: aipatzen ez badut, igartzen ez bada, agian inor ez da konturatuko... baina kontuz! desesperazioaren ahalegina izan arren, horrek ez du esan nahi alferrikakoa denik...

Teknika ugari daude truku hau egiteko. Ipar Euskal Herrian, esaterako, Euskal Herriak gutxieneko aitorpenik ere ez dauka. Erraza da, gorrarena eta itsuarena egitea besterik ez dago. Hegoaldean teknika honi «habla-chucho-que-no-te-escucho» teknika deitzen diogu. Nafarroan entzun bai, entzuten dute, eta gainera, «basko» usaina daukan guztiak kristoren amorrua ematen dienez, demokraziaren bandera ateratzen dute egunetik egunera eta demokratikoki lege demokratikoak onartzen dituzte «basko» airea duen edozeri banderakadaka uxatzeko. Patxik erdibidean gelditu nahi duela ematen du. Irudi eta sinboloak hiru multzotan banatu ditu: batzuk guztiz ezabatu behar dira, beste batzuk mantendu ahal dira, baina gutxiago, eta azken multzoa irudi eta sinbolo arrotzekin ordezkatuz joan beharra dago. Hor daude ikurrina eta bandera espainola, mapak, presoen argazkiak, euskara bera...

Honek terminologiari ere eragiten dio. Honela, gure hiztegietatik desagertu beharreko azken terminoa «gatazka politikoa» dugu. Proposatzen digutenez, «bortizkeria gratuito-a» erabil genezake horren ordez, «bake heziketa» askoz baketsuagoa izan dadin. Biktimak ere gonbidatuko dituzte, umeei «bortizkeria gratuitoa» zer den azaltzeko. Hala ere, alde bakar bateko biktimek azalduko dutelakoan nago, zeren gatazkarik ez badago, zelan azalduko dugu beste aldeko biktimek pairatu duten bortizkeria? Argi dago: Estatuarena ez da gratuitoa gainera, ordaindu egin behar dugu. Gatazkarik ez bada, zelan azaldu euskal herritarrak egun batetik bestera desagertzea? Hori ere ez da berria: guri ez galdetu eta punto. Arazorik ez bada, zelan azaldu hauteskundeetako iruzurra? Tontakerietan denborarik ez galdu. Iranen, esaterako, asko daukate ikasteko: ez dago pentsamendu bakarraren mesedetan «kazetari», «intelektualek»... euren buruari ezartzen dioten zentsura baino hoberik.

Azken pentsamendua -«bake» berbak ez bero ez hotz uzten nauen arren-, baina gatazkarik ez badago, zertarako behar dute «bake heziketa» delakoa? Bakea gatazkarik eza bada, terminologia aldaketa soilarekin lortu egin dute. Edo akaso terminologia aldrebestu horri esker, bakeak beste zerbait esan nahi ote du?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo