GARA > Idatzia > > Ekonomia

Sordok ELA eta LABen kontra hitz gogorrak erabili ditu Patxi Lopezen mahaia errefusatzeagatik

Nerea GOTI |

«Egoera larrian jarraitzen dugu» eta uda osterako egin daitezkeen aurreikuspenetan «ez dago egoera ekonomikoak hobera egingo duela azaltzen duen datu objetikborik», azaldu zuen atzo Unai Sordo CCOOko buruak.

Sordok datu bi eskaini zituen egoeraren larritasuna nabarmentzeko. Esan zuenez, izaera etenarazlea duten erregulazio espedienteekin 30.000 langile baino gehiago daude kaltetuta EAEn, eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren prestazioek %71eko igoera izan dute urteko lehenengo bost hilabeteetan, iazko datuekin alderatuta. Izan ere, prestazioen zenbateko handienak EAEn banatu ditu funtsak Katalunia eta Valentziaren atzetik, eta Bizkaia bera Estatu espainoleko hirugarrena da zenbateko handienak banatu dituztenen artean. «Prestatu beharra dago eta erantzunak eman», nabarmendu zuen idazkari nagusiak, eta testuinguru horretan kokatu zuen hilaren 23rako deitu dituzten ekitaldiak, ordezkarien batzarra eta manifestazioa.

«Tentsio maila mantendu eta ordezkariei informazio zehatza ematea» dira ekitaldi horien helburu nagusiak. Izan ere, bere diskurtsoa elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmentzera bideratu zuen Sordok eta ELA eta LAB sindikatuen kontra gogor aritu zen foro horren balioa errefusatzeagatik.

Sordoren ustez, «gauden egoera delikatuan» Patxi Lopezek martxan jarri duen elkarrizketa sozialak aukera ugari ematen du enplegu arloan eta prestazio sozialak hobetzeko edota ekonomia berraktibatzeko neurriak adosteko. ELAk eta LABek elkarrizketan parte hartzeari ezezkoa eman diotela-eta, «desertzioaz» hitz egin zuen.

Eztabaidagune horretan parte ez hartzeko sindikatu biek azaldutako argudioen artean, patronalak betoa duela esan zuen eta horren aurka ere kritika gogorrak jaurti zituen. «Ondorioztatzen dugu honek ELA inongo negoziazio kolektiboko mahaian parte ez hartzera eramango duela», esan zuen.

Gainera, elkarrizketa sozialean esku hartzeari ezetz esan eta horren ondorioz ematen diren hobekuntzez baliatzen dira ELA eta LAB, Sordoren ustez, eta testuinguru horretan kokatu zituen txanda kontratua edota Fogasaren prestazioen hobekuntza. Bi sindikatuek bultzatzen duten sindikalgintza «aprobetxategia eta zurrupatzailea» dela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo