Gezurren segida besterik ez den bertsio ofiziala
Espainiar Barne Ministerioak propaganda zabala egin du azken egunetan ETA Estatu espainoleko kartzela batean egitekoa zen ustezko ihesaldia eragotzi duela-eta. Azkenean, ordea, argi geratu da Ministerioak bertsio hau mantentzeko erabili zituen argudio eta balizko egitate guztiak faltsuak direla. Eta faltsuak dira ez ETAk esan duelako, ez soilik atxilotuek hala baieztatu dutelako, baizik eta epaileak banan-banan gezurtatu dituelako. Zentzu batean, ez dago berritasunik jokabide honetan. Ez da lehendabiziko aldia honelako zerbait gertatzen dela eta, tamalez, ez dirudi azken aldia izango denik. Nolanahi ere, honek ez dio larritasunik kentzen auziari.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak argi eta garbi azaldu zuenez, gertaera hauek «gerra psikologiko» baten parte gisa ulertu behar dira. Eta, antza, gerra psikologiko honetan Ministerioak gezurra esateko eskubidea du. Bost axola gezur horien ondorioak zeintzuk diren. Bost axola gezur hau justifikatzeko zenbait pertsonaren eskubideak zanpatu baldin badira, kartzelara eramateraino zanpatu gainera. Bost axola gezurrak errealitatea desitxuratzen badu eta honek gatazkaren konponbidea alferrik atzeratzen badu. Rubalcabak auzi honen alde psikologikoa nabarmendu du, baina gerra da bera benetan nabarmentzen duen elementua, zalantzarik gabe. Gerra, eta gezurra.