AHTren obretan lan egiten duen behargin baten autoari eraso egin diote Arrasaten
AHTren obretan lanean diharduen lagun baten autoari eraso egin zioten atzo goizaldean Arrasaten. Dirudienez, gutxienez bi pertsonek parte hartu zuten erasoan. Autoari kalte txikiak eragin zizkioten.
GARA |
AHTren obretan lan egiten duen behargin baten autoari eraso egin zioten atzo goizaldean Arrasaten. Erasoa 01.00ak aldera gertatu zen eta gutxienez bi pertsonek hartu zuten parte bertan.
Dirudienez, erasotzaileak langilearen autora hurbildu ziren eta, leihoko kristalak apurtu ostean, lehergailu txiki bat bota zuten barnera. Eztandak kalte txikiak eragin zituen makroproiektuaren obretan lanean diharduen gizonaren autoan.
Lakuako Gobernuak atzo adierazi zuenez, hainbat pertsona bertaratzen ari zirela ikustean, bi erasotzailek ihes egin zuten. Autoaren ondoan erregaia zuen ontzi bat aurkitu zutela ere ziurtatu zuten.
Gaitzespenak
Hainbat instituzio eta talde politikok gaitzetsi zuten atzokoan AHTren obretan lan egiten duen gizonaren aurkako erasoa. Hala, Lakuako Gobernuak langilearekiko elkartasuna adierazi, eta trenaren proiektua «inolako zalantzarik gabe» aurrera eramango dela ohartarazi zuen.
Era berean, Lakuako Gobernuak elkartasuna adierazi nahi izan zien «euskal gizartearen garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoa den egitura hau aurrera eramateko egunez egun lanean diharduten pertsona guztiei». Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaile Eneko Goiak, bere aldetik, AHTren lanak «herri honek» bukatuko dituela ohartarazi nahi izan zuen.
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak erasoa «gaitzetsi» eta AHTren aurkako mugimenduak «soziala» izan behar duela nabarmendu zuen. Alkarbidek, bere aldetik, «gutxi batzuek» ez dutela «garapena geldituko» ohartarazi zuen.
PP, berriz, haratago joan zen eta erasoa ETAri leporatu zion. «ETAk ez du gehiengo demokratikoak aurrera egitea geldiaraziko», adierazi zuen.
PSEk mozioa aurkeztu du Arrasateko Udalean AHTren obretako langilearen autoaren aurkako erasoa gaitzesteko. Testuan, ETAri leporatzen dio erasoa.