Autonomia Kolektiboa: «Ipar Euskal Herriaren egituraketaren eztabaida gizarteratzeko unea da»
Arantxa MANTEROLA |
Autonomia Kolektiboaren ustean, oraingoa da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak behar duten egituraketa juridikoaz eztabaidatzeko garai egokia. Izan ere, Gobernua Balladur batzordearen ebazpenetan oinarritutako legea prestatzen ari den honetan, «Ipar Euskal Herriaren geroa, hainbat urteetarako bederen, datozen hilabeteetan zehaztuko» dela adierazi zuen, atzo Baionan, kolektiboko Jean-Claude Agerre.
Eztabaida «ahalik eta gehien zabaldu» behar dela gaineratu zuen, autonomia «eredu egokiena» dela uste duen taldearen izenean: «Ezin da gai hori soilik hautetsi boteretsu batzuen gain utzi. Gizarteak ere eztabaida bereganatzea premiazkoa da». Horrekin batera, Hautetsien Kontseiluari zein norabide eta helbururekin jarduteko asmoa duen zehazteko eskatu zion: «Kontseiluak zenbait urrats egin ditu: Balladurrekin bilkura; txosten bat etorkizunerako arrasto batzuk marraztuz; Korsikako ereduaren egokitasuna aipatu du, baina ordua da eskakizun edo formula zehatzak planteatu ditzan».
Ardurak hartu
Garapen Kontseiluak ere, bere baitan «eragile ugari» biltzen dituenez, «ardura hori bereganatu» behar duela nabarmendu zuen. Bestalde, Baterak gaiaren eztabaidari ekin izana «begi onez» hartu dute «unearen garrantziaz jabetu delako».